Mundua -
Hauteskundeak
Costa Ricak presidentea aukeratuko du bigarren itzuli honetan
Hungarian ere hauteskundeak dituzte zortzi milioi bizilagunek, Viktor Orban presidenteari jarraitasuna eman edo Attila Mesterhazv zentro-ezkerreko hautagaia aukeratzeko presidente.
Erredakzioa
Costa Ricak presidentea aukeratzeko hauteskunde eguna izan du igande honetan, bigarren itzulia. Aurretik, 2002an gertatu da soilik bigarren itzulia behar izatea presidentea aukeratzeko. Luis Guillermo Solis zentro-ezkerreko hautagaiaren eta Jhonny Araya hautagai ofizialaren artean aukeratu behar izan dute hautesleek.
Kaleetan ez da hauteskunde girorik sumatzen, baina sare sozialetan pil-pilean dagoen gaia da. 3,1 milioi pertsonak zeukaten boza emateko eskubidea.
Otsailaren 2an egindako lehenengo itzulian, abstentzioa % 31ekoa izan zen, eta litekeena da gaurkoan gora egitea, Arayak duela hilabete alde egin zuelako kanpainatik, eta herrialde horretan hori gertatu izan delako historikoki bigarren itzulietan, analisten esanetan.
Otsailaren 2ko lehen itzulia Solisek irabazi zuen, 629.856 boto jasota (% 30,34); Arayak, berriz, 610.634 boz jaso zituen (% 29,71). Hautagaietako batek gutxienez botoen % 40 jasotzea behar da bigarren itzulia ez egiteko.
Solisek milioi bat bozka lortzea jarri du helburu gisara, eta, lortuko balu, hori erdiesten duen lehen Costa Ricako politikaria litzateke.
Johnny Araya duela hilabete inguru kanpainatik erretiratu egin bazen ere, Presidentetza lortzeko esperantza duela aitortu du. Abstentzio tasa altua izango denaren susmoa du, eta horregatik bozka ematera deitu ditu herritarrak.
Laura Chincilla Costa Ricako presidenteak ere hauteskundeetan parte hartzera animatu ditu herritarrak.