Mundua -
Gobernu berria
Federalistek gehiengo absolutua lortu dute Quebeceko hauteskundeetan
PLQk 125 diputatuetako 70 lortu ditu, aurreko hauteskundeetan baino 20 gehiago. Ondorioz, Philippe Couillard izango da Quebeceko lehen ministro datozen bost urteetan.
Erredakzioa
Quebeceko Alderdi Liberalak (PLQ) irabazi ditu gaur bertako hauteskundeak, eta gehiengo absolutua lortu du, gainera. Horrenbestez, Alderdi Quebectarrari (PQ) buruzagitza kenduko diote federalistek.
Emaitzen arabera, PLQk 125 diputatuetako 70 lortu ditu, aurreko hauteskundeetan baino 20 gehiago. Ondorioz, Philippe Couillard liberalen buruzagia izango da Quebeceko lehen ministro berria datozen bost urteetan.
PQk 30 diputatu lortu ditu, 2012ko hauteskundeetan baino 24 gutxiago.
Quebecen Etorkizunaren aldeko Koalizioa alderdi kontserbadoreak 22 eserleku eskuratu ditu, hiru gehiago, eta Quebec Solidarioa alderdi independentistak hiru diputatu izango ditu aurrerantzean.
23:00ak aldera, Pauline Marois Quebeceko lehen ministroak (PQ) porrota onartu, eta bere dimisioa eman du.
Bestalde, Quebeceko liberalen buruak (Phillippe Couilard) esan du Quebecek "bizikidetza" behar duela, eta "ekonomia eta enplegua" indartzen saiatuko dela azpimarratu du.