Mundua -
Istiluak
Venezuelako Gobernua eta oposizioa, elkarrizketarako prest
Bileran, Gobernuak eta Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) adostutakoan, Vatikanoko ordezkari bat izango da bitartekaria.
Erredakzioa
Venezuelako Gobernuak eta oposizioak lehenengo bilera ofiziala egingo dute bihar herrialdeak bizi duen gatazka giroa baretzeko lehenengo elkarrizketak abiatzeko, baina Gobernuaren kontrako protestek bere horretan jarraitzen dute.
Bilera horretan Nicolas Maduro estatuburua, Henrique Capriles oposizioko burua, Unasurreko hiru kantziler eta Vatikanoko ordezkari bat egongo dira; azken hori bitartekari gisa.
Gobernuak eta Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) adostutako bilerak, hala ere, ez du oposizio guztiaren babesa, Leopoldo Lopezek eta Maria Corina Machadok ez baitiote oniritzia eman.
Jorge Arreaza Venezuelako presidenteordeak esan du "bilera gehiago" egitea espero duela.
Hala ere, presidenteordeak argi adierazi du, eta Madurok esan zuena berretsi du, oposizioarekin hitz egiteagatik ez dutela itun batera heldu beharrik.
Caprilesek, Maduroren azken hauteskundeetako aurkariak, bileran bertaratuko dela adierazi zuen, eta herritarrei bileraren emanaldia irratiz eta telebistaz jarraitzeko eskatu zien.
Bileran parte hartzearekin ados ez dagoen sektoreari esan dio "eskubide osoa" dutela horretarako, baina "alternatibak proposatu" behar dituztela, "herriak behar dituelako".
Dena dela, Caprilesek azpimarratu du elkarrizketetan parte hartzeak ez duela protestak bertan behera uztea esan nahi, "baizik eta kontrakoa, protesta baketsuei eutsi egin behar zaie, arazoek jarraitu egiten dutelako".