Mundua -

Kutxa beltzen bila

Hegazkin galduaren kutxa beltzak aurkitzea espero du Australiak

Erreskate taldeak erlojuaren kontra ari dira lanean, bilaketa eremua ahalik eta gehien txikitu, eta itsas hondoa Bluefin-21 urpeko ontziarekin miatzen hasteko.

Erreskate taldeak hegazkin galduaren bila dabiltza. Argazkia: EFE
Erreskate taldeak hegazkin galduaren bila dabiltza. Argazkia: EFE
Erreskate taldeak hegazkin galduaren bila dabiltza. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indiako Ozeanoan galdu zen Malaysiako hegazkina bilatzeko operazioak kutxa beltzak aurkituko dituen esperantza agertu du gaur Tony Abbott Australiako lehen ministroak, bilatzeko eremua murriztu eta bezperan aurkitu zuten seinalea baztertu ostean.

"Uste osoa dugu badakigula hegazkin horretako kutxa beltza non dagoen, kilometro batzuk gorabehera", esan du Abbottek Shanghain, bisita ofizialean baitago bertan.

Bilaketa koordinatzen ari diren agintari australiarrek 46.713 kilometro karratuko eremu batera murriztu ditu lanak, eta Australia ipar-mendebaldeko hiru gunetan bilatzen ari dira orain hegazkinaren arrastoak.

Lanak 600 kilometro karratuko eremu batean areagotu dituzte, Perth hiritik 1.670 kilometro ipar-ekialdera. Soinu-sentsoreak dituzten dozenaka buia bota zituzten asteazkenean inguru horretan, bertako telebista-kate baten arabera.

Angus Houston Agentzia Bateratuak Koordinatzeko Zentroko zuzendariak komunikatu batean adierazi duenez, Australiako hegazkin batek bezperan aurkitu zuen seinalea ez dago Malaysia Airlines konpainiako hegazkinaren kutxa beltzekin lotuta.

Horren esanetan, "MH370 galdua bilatzeko lanetan ez da aurkikuntza garrantzitsurik egon".

Asteartean Australiako bandera duen Ocean Shield itsasontziak bi seinale aurkitu zituenetik, ez dute beste transmisiorik jaso. Hegazkinaren kutxa beltzenak izan zitezkeen, baina horien bateriak agortzear daude, erabat agortu ez badira dagoeneko.

Orain arte itxaropena izateko beta eman duten aztarna onenak Ocean Shield itsasontziak aurkitu ditu. Kutxa beltzak detektatzeko gailu bat du, eta larunbatean eta asteartean lau seinale erregistratu zituen guztira, bilaketa eremuaren iparraldean.

Ocean Shield itsasontzitik 600 kilometro hegoaldera beste bi itsasontzi dabiltza, Haixun 01 eta Echo itsasontzi britainiarra, horiek ere transmisio akustikoen bila.

Erreskate taldeak erlojuaren kontra ari dira lanean, bilaketa eremua ahalik eta gehien txikitu, eta itsas hondoa Bluefin-21 urpeko ontziarekin miatzen hasteko. Ocean Shield itsasontziak daraman urpeko hori urrutitik gidatzen dute, eta 4.500 metroko sakoneran ere ibil daiteke.

Abbotten hitzetan, "informazio guztia seinaleak emititzeari utzi baino lehen eskuratzea espero dugu".

"Nolanahi ere, kutxa beltzak gutxi gorabehera non dauden jakiteak ez du esan nahi itsas hondoan 4,5 kilometroko sakoneran dauden hondakinak berreskuratu ahalko direnik, ezta (norabidea erabat aldatu omen zuen) hegaldi horretan gertatu zen guztia zehaztu ahalko denik ere", nabarmendu du agintari australiarrak.

Malaysian Airlines konpainiako MH370 hegaldia Kuala Lumpur Malaysiako hiriburutik abiatu zen martxoaren 8an, 239 pertsona zeramatzala, eta, aurreikusitakoaren arabera, sei ordu geroago iritsi behar zuen Pekinera.

Hegazkina radar bidez kontrolatzeko pantailetatik desagertu zen aireratu eta 40 minutura, eta norabidea aldatu zuen, "nahita", Malaysiako agintarien iritzian, Malakako itsasartea zeharkatu eta aurreikusita zuen norabidean kontrako noranzkoan joateko.

Hegazkinean hauek zihoazen: 153 txinatar, 50 malaysiar, 7 indonesiar, 6 australiar, 5 indiar, 4 frantses, 3 estatubatuar, 2 zeelandaberritar, 2 ukrainar, 2 kanadar, errusiar bat, herbeheretar bat, taiwandar bat eta bi irandar (azken bi horiek italiar bati eta austriar bati ostutako pasaporteak erabili zituzten).

Malaysiako Poliziak baztertu egin du 227 bidaiarietako batek bahiketa edo sabotajea egin izana, ezta arazo pertsonal edo psikologiko baten ondorioz hegazkinaren kontrako ekintzaren bat egin izana, baina eskifaiako kideak ikertzen jarraitzen du, eta ez du baztertu arazo teknikoren bat gertatu izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea