Mundua -

Manifestazioak

Sei lagun atxilotu dituzte eta lau zauritu dira Erromako istiluetan

Matteo Renziren Gobernuak egin dituen murrizketen aurkako eta etxebizitza izateko eskubidearen aldeko protestak egin dituzte.

Sei lagun atxilotu dituzte eta lau zauritu dira, Erromako istiluetan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau pertsona zauritu dira larunbatean Erroman izan diren istiluetan, eta horietako bat larri dago. Manifestazioa zegoen deituta Gobernuak ezarritako murrizketen kontra protesta egiteko eta etxebizitza bat izateko eskubidea aldarrikatzeko, baina talde bat Poliziari botilak eta petardoak botatzen hasi da eta orduan sortu dira liskarrak, Italiako Barne Ministerioak azaldu duenez.

" 45 eta 50 urte bitarteko gizonezko bat da larri zaurituta dagoena. Hainbat hatz galdu ditu, jaurtitzera zihoan petardo bat eskuan lehertu ostean", azaldu dute hedabide italiarrek. Dena dela, Barne Ministerioak ez du informazio hori berretsi.

Manifestazioa era baketsuan hasi da. Matteo Renziren Gobernuak egin dituen murrizketen aurka protestatzeko eta etxebizitza izateko eskubidearen alde egiteko bildu dira hainbat manifestari, baina kaputxadun talde bat martxatik atera da eta Poliziari gauzak botatzen hasi da.

Manifestazioak Parisen eta Lisboan ere

Poliziak jakinarazi duenez, Parisen 25.000 pertsona atera dira kalera larunbatean, Manuel Valls lehen ministroaren politika ekonomikoa aldatzeko eskatzeko. Ezkerreko ehunka elkartek eta alderdik deitu dute manifestazioa.

Eta Portugalen, pentsiodun portugaldarrek (herritarren herenak) protestak egin dituzte Lisboan, Porton eta Portugaleko beste hainbat hiritan, Gobernuak aurrezteko ezarri dituen neurrien kontra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea