Mundua -
Analisia
Kopuruak, neurriak eta ahalmenak
1.300 miloi biztanle dituen herrialdean hauteskundeak dituzte,baina han guztia da harrigarria, ikusgarria,
Juanjo Sanmiguel / eitb.com
Eta zer aurkituko dute? Ustelkeriaz eta konpromiso ezaz gogait eginda dagoen gizartea. Gizarte honetan 100 miloi aberatsak dira, 300 miloi nola edo hala bizi dira, 600 miloi pobreak edo oso pobreak dira.60 miloi haur,haur txikiak,lanerako erabiltzen dituzte,gehienak baldintza penagarrietan, asko esklabo gisa. Nekazal-giroan emakumeak ez du apenas eskubiderik gehienetan familiaren euskarri izan arren.Nekazaritzan ari dira lanean indiarren %60, baina nekazari gehienak pobreak dira.Bestalde, hirietako ondo prestatutako gazteak, Estatu Batuetara edo Europara joaten direnak lanera,informatikan eta ingeniaritzan adituak,ingeles dotorea hitz egiten dutenak eta Indiako barrualdea atzerritzat dutenak….
Gandhik esan omen zuen:”Bizi zaitez bihar hil beharko bazenu legez,ikas ezazu Mundua betirako bailitzan”, zoritxarrez gaur egungo indiar gehienek badakite euren mundua aspaldikoa dela eta luze iraungo duela,baina beraiek ezin dutela aukeratu nola bizi eta gutxiago noiz arte.Indian sortu ziren erlijio handienetakoak,Budismoa eta Hinduismoa besteak beste.Azken honek gizartea eta gizakia kastetan banatu zituen.
Tontorrean Brahamanak jarri zituen,apaizak,irakasleak,pentsalariak,goi maila.Bigarren taldean Txatriak,politikoak eta soldaduak.Hirugarrenean Baishiak izenekoak, saltzaileak, eskulangileak eta nekazariak.
Laugarrenean, baxuenean, langile arruntak eta zerbitzariak.Baina bada oraindik beherago dagoen beste talde bat,Ukiezinak.Hauek kasta sistema honetatik kanpo daude,besteen kaka biltzera behartuta daude eta euren seme alabek eskolan komunak garbitu behar dituzte…Gaur egun India herrialde demokratikoa da,baina kasta sistemaren indarra handia da oraindik,batez ere nekazal arloan.
Kastak ezin dira nahastu eta hobetzeko bide bakarra berraragitzea da,hil,zerbait izateari utzi eta beste zerbait bihurtzea.Agian horregatik indiar askok ez du konfiantza handirik hauteskundeetan eta politikoengan, Gandhi handiak ez zuelako asmatu eta beraiei sufrimendu luzearen lehen eguna balitz legez bizitzea tokatzen zaielako eta ez dutelako ikasitakoa erabiltzeko inolako aukerarik.