Mundua -
Siriako guda
Sirian borrokatzeko musulmanen bidaiak gelditu nahi ditu Londresek
Erresuma Batuko 20 gizon inguru hil dira borroketan eta aurten beste 40 atxilotu dituzte guda horrekin harremana izateagatik.
Erredakzioa
Londresko poliziak emakume musulmanei zuzendutako kanpaina jarri du martxan. Ekimen honekin Siriara borroka egitera joan nahi duten gizonezko musulmanen bidaiak gelditu nahi dituzte.
Neurri hau Londres, Manchester eta Birmingham hirietan abiarazi dute. Sirian borroka egin ostean Erresuma Batura itzultzen diren musulman kopuruak kezkatuta hartu dute erabakia.
Kanpaina berriaren arabera poliziak emakume musulmanen kolaborazioa bilatuko du. Emazteekin, alabekin, neskalagunekin, arrebekin eta amekin hitz egingo dute hauen senitarteko gizonezko musulmanak Siriara borrokatzera ez daitezen joan.
Informazio ofizialen arabera 20 gizon inguru hil dira Siriako borroketan eta aurten beste 40 atxilotu dituzte guda horrekin harremana izateagatik.
Londresko poliziaren azpikomisarioak, Helen Ball, helburua emakumeen kolaborazioa lortzeko lan egitea dela adierazi du.
2011ko martxoan Siriako guda hasi zenetik 140.000 pertsona inguru hil dira. Horien erdiak zibilak ziren.
Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen arabera herrialde horretako milioi bat biztanle 'zailtasun larrian' bizi dira.