Mundua -
Ipar Irlanda
Gerry Adamsek bigarren gaua pasatu du atxilotuta
Jean McConvilleren bahiketa eta hilketarekin inolako loturarik eta harremanik izatea ukatu egin du. Ipar Irlandako Poliziak Sinn Feineko buruzagia itaunduko du berriz.
Erredakzioa
Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak bigarren gaua pasatu du atxilotuta Ipar Irlandako Poliziaren Antrimeko Polizia-etxean. Antza denez, Jean McCoville katolikoaren hilketa argitzeko atxilotu dute.
Adamsek hilketarekin loturarik eta harremanik izatea ukatu egin du. Gaur, Ipar Irlandako Poliziak berriz itaunduko du Sinn Feineko buruzagia.
IRAk 1972an hil zuen McCoville, Erresuma Batuko segurtasun indarrekin elkarlanean aritu zelakoan.
Bestalde, McCovilleren familia pozik agertu da ikerketan aurrerapausoak izan direlako.
Helen McKendry, McConvilleren alabetako batek BBC irrati-telebista kate britainiarrari azaldu dionez, prest dago haren amaren hilketarekin zerikusia duten pertsonen zerrenda Poliziari emateko. "Dagoeneko ez diot beldurrik IRAri. Lasaitasunez eman diezaizkioket izenak Poliziari". Halaber, beldurrik ez duela adierazi du: "Zer egingo didate? Etorri eta tiro egin? Beraiek badakite non bizi naizen".
Hedabide britainiarren esanetan, David Cameron lehen ministroak Peter Robinson Ipar Irlandako lehen ministroarekin gaiaz hitz egin du.
Sinn Fein: "Oinarri politikoa duen atxiloketa da"
Gerry Adamsen atxiloketak lurrikara handia eragin du Ipar Irlandan.
Lou McDonald Sinn Fein alderdiko bigarren buruzagiak salatu du Gerry Adamsen atxiloketa erabaki politiko baten ondorio dela, Europako hauteskundeetako kanpainaurrean egin dutelako.
"Ipar Irlandako Poliziak atxiloketa une honetan egitea erabaki politikoa izan dela eta Gerry Adamsen eta Sinn Feinen irudia kaltetzea helburu duela uste dut", nabarmendu agiri batean.