Mundua -
Presidentetzarako bozak
Varela oposizioko hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak Panaman
Botoa eman duten herritarren % 39ren babesa jaso du, eta gobernuburu izango da 2014tik 2019ra.
Erredakzioa
Panamako Hauteskunde Auzitegiak iragarri duenez, Juan Carlos Varela presidenteorde eta oposizioko hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak eta gobernuburu izango da 2014tik 2019ra.
Panamako egungo presidenteorde eta presidente berri izango denak eskerrak eman dizkio Panamako herriari, hauteskundeen antolatzaileei eta bozetan parte hartu duten guztiei.
"Eskerrik asko, Jainkoak bedeinka dezala Panama, eta zorionak ematen dizkizuet aukera demokratiko hau egiteagatik. Gaur Panamak irabazi du, demokraziak irabazi du", adierazi du Varelak.
Alderdi Panameñistaren hautagaia da Varela, alderdiaren buru baita, eta ituna egin du Alderdi Popularrarekin.
Hauteskunde Auzitegiaren webgunean argitaratu dituzten lehenengo datuen arabera, hauteslekuen % 60ko botoak zenbatu dituzte, eta Varelak botoen % 39,15 jaso ditu.
Jose Domingo Arias agintean dagoen Aldaketa Demokratikoa (CD) alderdiko hautagaia izan da bigarren, botoen % 32,07 jasota, eta Alderdi Iraultzaile Demokratikoaren (PRD) hautagaia, Juan Carlos Navarro, geratu da hirugarren, botoen % 27,47 lortuta.