Mundua -

Sexu-jazarpena

Boliviako alkateak barkamena eskatu dio izterra ikutu zion kazetariari

Percy Fernandez Santa Cruz de la Sierrako alkateak jendeaurrean barkamena eskatu dio Mercedes Guzman kazetariari agerraldi batean kazetariaren izterraren gainean bere eskua jartzeagatik.

Percy Fernandez Santa Cruz de la Sierrako alkatea. Argazkia: Alcaldia cruceña.
Percy Fernandez Santa Cruz de la Sierrako alkatea. Argazkia: Alcaldia cruceña.
Percy Fernandez Santa Cruz de la Sierrako alkatea. Argazkia: Alcaldia cruceña.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Percy Fernandez Santa Cruz de la Sierra udalerriko alkateak jendaurrean barkamena eskatu dio Mercedes Guzman kazetariari izterra ukitzeagatik. Aurretik, idatziz eskatu zion barkamena kazetariari, baina kazetariak ez zuen onartu, iturri ofizialek emandako azalpenen arabera.

Alkatetzak orain zabaldu duen bideoan, Fernandezek barkamena eskatu die Mercedes Guzman kazetariari (Red Uno kate pribatukoa) eta senideei.

"Gai honen eraginez sentitzen dudan larritasuna publikoki azaldu nahi dizuet zuri eta zure familiari. Nire asmoa ez da inoiz izan zu iraintzea, eta ez dut hori egin. Maite zaitut eta estimua dizut, eta baita zure familia ere. Kazetari lana egiten zenuen bitartean errespetua galdu izanak kezkatzen nau", adierazi du Fernandezek.

"Pertsona guztiak" errespetatzen dituela eta Guzmani "bere lanean arrakasta handia" opa diola esanez bukatu du alkateak mezua.

Kazetariak honakoa idatzi zuen Facebooken duen kontuan: "Alkateak barkamena eskatu du. Esperientzia nekagarria izan da. Indartuta, orriari buelta eman diot, eta erakundeei, taldeei eta, oro har, gizarte osoari esker ona agertu nahi diet, nire alde egin dituzten agerraldiengatik; baina batez ere nire senarrari eman nahi dizkiot eskerrak, emandako laguntza baliotsuarengatik".

Boliviako hedabideek joan den astean zabaldu zuten bideo batean, agerraldi publiko batean, Fernandez Guzmanen izterraren gainean eskua jartzen ageri da.

Guzman alkatearen eskua bere izterretik kentzen saiatu zela, baina alkateak ez zuela bertatik kentzen ere ikus daiteke. Kazetariak azkenean alkatearen eskua gainetik kentzea lortu zuenean, "utzi ukitzen. Xuhurra zara, hori da ezta?", esan zion honek.

Ez da lehenengo gorabehera

El Deber egunkariaren arabera, 2012ko martxoan Fernandez Desiree Bravo Udal Kontseiluaren presidenteari ipurmasaila ukitzen saiatu zen. Bi urte lehenago, obra batera egin zuen bisitan, langile gazte bat musukatu zuen haren borondatearen kontra.

Azken gertarkari hori dela eta, sexu-jazarpenen aurkako kanpaina bat abiatu da, batez ere sare sozialetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Latinoamerika Boliviako albisteak Mundu matxista Kazetaritza azken ordukoa