Mundua -
Referenduma
Salmond: 'Baietzaren garaipenak Londresekin negoziatzea ekarriko du'
Eskoziako lehen ministroak iragarri duenez, lehen kontaktuak irailaren amaieran hasiko lirateke. Referenduma irailaren 18rako deitu dute.
Erredakzioa
Eskoziako referendumean independentziaren aldeko emaitza ateraz gero, alderdietako politikariek eta adituek lantalde bat osatuko dute Londresekin negoziatzeko, Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak iragarritakoaren arabera.
Salmonden arabera, elkarrizketak irailaren amaieran hasiko lirateke, irailaren 18an referenduma egin eta egun batzuetara.
Orduan hasiko dira, Salmonden hitzetan, banantzeari buruzko "benetako negoziazioak". Lehen ministroak Eskoziako ekialdeko Inverurie herrian eman duen hitzaldi baten atarian egin ditu adierazpenok.
Salmonden iritziz, independentziak Eskoziaren agenda soziala eta ekonomikoa hobetzeko aukera emango dio Edinburgoko Parlamentuari.
Halaber, politikari eskoziarrak onartu egin du independentziaren kontra dauden politikariek negoziazioetan parte hartzeari uko egitea, baina "behin botoak emanda, 'Eskoziaren taldean' aritzea" espero duela esan du.
1997an, autonomia
Eskoziak 1997an egindako referendumean lortu zuen autonomia, Tony Blair Britania Handiko lehen ministroa zela. Urte batzuk geroago, David Calmeron egungo lehen ministro kontserbadoreak, berriz, akordio bat egin zuen Alex Salmondekin Eskozian independentziari buruzko galdeketa egiteko baimena emateko.
Irailaren 18ko referendumean 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, Eskozia independente izatea nahi duten 'bai' ala 'ez' erantzuteko.