Mundua -

Monako

Helena Pastor dirudun monakoarra hil da, tirokatua izan ostean

Pastorrek eta bere bi anaiek aitonak eraikitako higiezinen inperio bat jaso zuten, eta egun 19.000 milioi euroko ondarea omen zuen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Helene Pastor Monakoko diruduna, Printzerrian higiezinen inperioa zuena, hil da gaur, 77 urte zituela, Nizako ospitale batean, duela bi aste bi pertsonak tirokatu ostean.

Emakumeari lepoan, kokotsean eta bularrean egin zioten tiro, eta oso egoera larrian zituen bizirauteko organoak. Hori dela eta, kritikoa izan da bere egoera tirokatu zutenetik, eta gaur hil da Saint-Roch ospitalean.

Bi pertsona Pastorren autora gerturatu ziren eta, diruduna eta gidaria tirokatu ostean, oinez alde egin zuten. Txoferra aurreko astean hil zen, tiroak jaso eta lau egunera.

Polizia ikertzen ari da zergatik egin ote zuten krimena, eta dozena bat lekukoren eta zaintza kameren laguntza du horretarako. Hedabide batzuen arabera, gainera, hiltzaileek ez zuten aurpegia estali, eta haien irudiak dituzte.

Erasoa gertatu eta egun batzuetara, pertsona bat Pastorren familiarekin jarri zen harremanetan, eta krimena nork agindu zuen bazekiela eta diruaren truke informazio hori emango zuela hitzeman zuen. Gizonezkoa atxilotu egin dute, eta azterketa psikiatrikoa egin behar diote lehenik.

Helene Pastorrek eta bere bi anaiek aitonak eraikitako higiezinen inperio bat jaso zuten herentziaz, eta horri esker, gaur egun 19.000 milioi euroko ondarea omen zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea