Mundua -
Hauteskundeak Bruselan
Bruselan 'ama guztien hauteskundeak' egingo dituzte igandean
Hauteskunde guztiak erabakigarriak izaten dira Belgikan, hiru eskualde ezberdinek osatutako Estatu federala baita: Valonia, Flandria eta Brusela. Hauteskunde hauetako gakoak laburbildu ditugu.
I.G. / F.V. / EITB.COM
Belgikan igandean egingo dituzte Gobernu berria erabakitzeko hauteskundeak, Europakoekin eta bertako eskualdekoekin batera. Guztira 7,6 milioi pertsonak izango dute botoa emateko eskubidea. Igandean “hauteskunde guztien amaren eguna” izango dela adierazi dute bertako hainbat hedabidek.
Hauteskunde guztiak erabakigarriak izaten dira Belgikan, hiru eskualde ezberdinek osatutako Estatu federala baita: Valonia, Flandria eta Brusela hiriburua.
Orain bi urte, Belgikak krisi politiko sakona bizi izan zuen, 500 egun Gobernurik gabe egon baitzen. Askok pentsatu zuten, krisi horren ondorioz zatiketa etorriko zela Belgikan.
Bestalde, Estatuko seigarren erreforma orain aste gutxi sartu zen indarrean eta, horri esker, eskualdeek eskumen gehiago bereganatu dituzte eta Gobernuak, ordea, konpetentziak galdu egin ditu.
Hauek dira Belgikako hauteskundeetako gako nagusiak:
- Flandriak eta Valoniak bizkarra erakutsi izan diote historikoki batak besteari. Eskualde bakoitzak bere hizkuntza propioa, bere hedabideak eta bere ohiturak ditu. Alderdi politikoak ere ezberdinak dira eskualde bakoitzean: ez dago Belgikako alderdirik, valoniarrak edota flamenkoak baizik. Hala ere, alderdi handiek (demokristauak, sozialistak, liberalak edota berdeak) ordezkaritza dute bai Flandrian eta baita Valonian ere.
- Belgikako egonkortasuna jokoan dago igandeko hauteskundeetan. Gobernu federalak gero eta eskumen gutxiago ditu, azken hamarkadetan egindako sei erreformei esker. Eskualdeek pisua eta garrantzia irabazi dute, nahiz eta Gobernuak oraindik Gizarte Segurantza, Justizia edo Atzerri eskumenak mantendu dituen.
- N-VA alderdi nazionalistak irabazi zituen azkenengo hauteskundeak, baina oposizioak sinatutako akordioa dela eta, oposizioan izan dira. Liberalek, sozialistek eta demokristauek koalizio Gobernua osatu dute, sei alderdi ezberdinekin (Flandriako hiru eta Valoniako beste hiru)
- Zalantza nagusia, Flandriako nazionalistekin zer gertatuko den argitzea da, hau da, Gobernuan sartzea lortzen duten ala ez.
- Kanpainan zehar, N-Vak albo batera utzi du independentziaren aldarrikapena, nahiz eta bere estatutuetan aurreneko helburua izan. Inkesten arabera, herritarren % 20k bakarrik babestuko luke independentzia, eta nazionalistek nahiago izan dute Europarekin liskarrik ez izatea. Hala ere, Flandriarentzat eskumen gehiago aldarrikatu dituzte kanpainan zehar.
- Inkesten arabera, Flandrian N-Va nazionalistek irabaziko dituzte igandeko hauteskundeak, botoen % 32 lortuta. Ondoren demokristauak (CD&V, % 16), liberalak (Open VLD, % 15), sozialistak (SP.A, % 14), berdeak (Groen, % 10) esta eskuin muturra (Vlaams Belang, % 7).
- Valonian, inkesten arabera, sozialistek irabaziko dituzte hauteskundeak botoen % 29rekin. Liberalek botoen % 22 lortuko lituzkete, berdeek % 11, demokristauek % 9ª, ezker muturrak % 8ª eta eskuin muturrak, berriz, bozen % 5ª lortuko lituzkete.
- Bruselaren inguruko afera da Belgikako arazo nagusia: inork ez du hiriburua galdu nahi. Historikoki flandiarra izan bada ere, gehiengoa frankofonoa da. Europa mailan duen pisuaren ondorioz, inork ez dio uko egiten Bruselari.