Mundua -
Hauteskundeak Belgikan
Flandrian nazionalistak nagusi hauteskunde legegile eta erregionaletan
Behin-behineko emaitzen arabera, Flandriako N-VA alderdi nazionalistak botoen % 30 eskuratu ditu.
Erredakzioa
N-VA Flandriako alderdi nazionalistak irabazi ditu Belgikako hauteskunde legegileak eta eskualdeetakoak, bozen % 30 eskuratuta.
Bart De Wever N-VAko buruak prentsaurrekoa eskaini du alderdiaren egoitzan bertan, behin-behineko garaipena ospatzeko. Botoen % 30 baino gehiago eskuratu ditu horren alderdiak, behin-behineko datuen arabera.
Botoen % 80 zenbatuta, N-VA alderdiak bozen % 24,5 lortu ditu, aurreko hauteskundeetan baino % 7,1 gehiago. Elio di Rupo egungo lehen ministroaren Alderdi Sozialistak, berriz, % 7,5a baino ez, 6 puntu gutxiago.
Flandrian, N-VA alderdiak irabazi ditu hauteskundeak eta botoen % 32,7 eskuratu ditu (% 19,6 gehiago). Demokristauak bigarren postuan gelditu dira, botoen % 20,9 eskuratuta, sozialisten (% 13,5), liberalen (% 13,5)eta berdeen (% 8,6) aurretik. Eskuin muturrak, berriz, botoen % 6 baino ez du eskuratu du eta % 9,3ko beherakada izan du.
Valonian bestalde, sozialistak nagusitu dira botoen % 30,6 eskuratuta, baina bi puntuko beherakada izan du. Sozialisten atzetik, sailkatu dira liberalak (% 27,1), demokristauak (% 15,9), berdeak /% 8,7), eta Belgikako Lanaren Alderdiak (% 5,5).
Hauteskunde guztiak erabakigarriak izaten dira Belgikan, hiru eskualdek (Valonia, Flandria eta Brusela) osatutako estatu federala baita.
Orain bi urte, Belgikak krisi politiko sakona izan zuen, 500 egun Gobernurik gabe egon baitzen. Askok pentsatu zuten krisi horren ondorioz zatiketa etorriko zela Belgikan.
Gaurko emaitzen ondotik, "lehenbailehen" koalizioko gobernu indartsu eta logikoa osatzeko bazkideak aurkitzeko moduan izango den itxaropena agertu du N-VA Flandriako alderdi nazionalistako Bart De Wever buruak.
"Flandriarrok aldaketaren alde egin dugu", adierazi du De Weverrek. Halaber, frankofonoen eta flamenkoen arteko aldea geroz eta handiagoa dela azaldu du.
"Gaur flandriarrek aldaketaren alde bozkatu dute, eta hirutik batek beren konfiantza eman digute... Herrialdeko alderdi handiena gara", gaineratu du.
Dena den, bere alderdiak aurretik duen erronka ez dela sinplea nabarmendu du: "Lehendabizi, Gobernu indartsua nahi dugu Flandrian, eta horretarako bazkideak bilatu behar ditugu. Oinarri horretatik abiatuta, lehenbailehen, koalizio indartsu eta logikoa osatu nahi dugu".
De Weverren hitzetan, ez dute Belgika berriz ere krisi politiko batean murgiltzerik nahi, eta, hori dela eta, helburu izango dute flandriarren interesak federazio mailan defendatzea.
Belgikako Gobernua sozialisten eta liberalen arteko koalizioa da gaur egun. Gobernuko kideek N-VA alderdiaren "aurrerapausoa" onartu badituzte ere, koalizioa osatzen duten alderdiak egonkorrak direla nabarmendu du.