Mundua -

Kolonbiako hauteskundeak

Zuluagak irabazi du Kolonbiako hauteskundeetako lehen itzulia

Ez Zuluagak ezta Santosek ere ez dute gehiengo osoa lortu, eta ekainaren 15eko bigarren itzulian erabakiko da Kolonbiako presidentea.

Kolonbian ilara luzeak sortu dira botoa emateko. Argazkia: EFE
Kolonbian ilara luzeak sortu dira botoa emateko. Argazkia: EFE
Zuluaga eta Santos, aurrez aurre bigarren itzulian

Arantxi Padilla | Bogota

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ordubete baino pixka bat gehiago behar izan dute Kolonbian botoen % 99 zenbatzeko, eta ez da sorpresarik izan.

Kolonbiako presidenterako hauteskundeetan lehia Juan Manuel Santos presidentearen eta Oscar Ivan Zuluagaren artean egon da, eta bigarrenak, Uribismoaren hautagaiak, irabazi du aurreneko itzulia. Zuluagak botoen % 29 eskuratu ditu, eta Santosek, berriz, % 25,5. Alvaro Uribe presidente ohiaren ministroak izandakoek bigarren itzulia egingo dute datorren ekainaren 15ean.

Atzetik, Marta Lucia Ramirez kontserbadorea (% 15,5) eta ezkerreko hautagaia, Clara Lopez, (% 15,2) indartsu batez ere Kolonbiako hiriburuan, Bogotan, azken hilabeteetan Gustavo Petro alkatearekin izandako istiluak direla medio, herritarrek babesa eman nahi izan baitiote. Azken postuan Enrique Peñalosa Verdea geratu da, botoen % 8,29 eskuratuta.

Hemendik aurrera, zer?

Santos eta Zuluagak elkar ondo ezagutzen dute, eta biek maisu bera izan dute, Alvaro Uribe presidente ohia, baina bide eta ikuspuntu desberdinak dituzte Kolonbiaren etorkizunari dagokionez. Santosek bakea erabili du kanpainako bandera bezala, bake prozesuaren bidetik jarraitu nahi du 18 hilabete Habanan FARCekin negoziatzen igaro ondoren, eta aurten behin betiko bakea sinatu nahi du. Zuluagak FARCen bake asmoez fidatzen ez diren kolonbiarrei esker irabazi nahi zuen, eta  badirudi formulak oraingoz funtzionatu diola. Presidente bezala egingo lukeen aurreneko gauza FARCekin elkarrizketa horiek haustea izango dela esan zuen. Esku zorrotza gerrillariekin, hori da bere lema. Gaur jendeak biei eman die babesa, baina Zuluagaren kasuan, bere indarrak azken asteetan egin du gora, nahiz eta legez kanpoko espioitzarekin lotutako bideo batekin izugarrizko eskandalua sortu zuen, berez Estatuak bakarrik izan dezakeen inteligentziazko informazio sekretua eskuratzen zuela susmatzen zelako.

Orain ikusi beharko da Alderdi kontserbadoreak Santosi edo Zuluagari emango dion bere babesa. FARC eta ELNk hauteskunde hauek iraun bitartean deitutako su-etena hiru egun barru, maiatzaren 28an, amaituko da, eta hortik aurrera zer erabakiko duten eta emaitzen inguruan egiten duten hausnarketa ere jakin beharko da.

Hiru aste barru, hauteslekuak berriz ere jendez beteko dira, eta orduan bakeari bai edo ez esatea erabaki beharko dute bertaratzen direnek. Euren eskuetan dago datozen lau urteetako presidentea aukeratzea, baina batez ere Kolonbiaren etorkizunaren ildoa zehaztea. Orain inoiz baino gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea