Mundua -
Obama, Interneteko errege
Obamaren ariketek sare sozialak astindu dituzte
Ameriketako Estatu Batuetako presidentea Poloniako gimnasio batean agertzen da Interneten hedatu den bideo batean.
Erredakzioa
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentea sare sozialetako protagonista bihurtu da ostatu hartuta dagoen Varsoviako (Polonia) hoteleko gimnasioan kirola egiten agertzen den bideo bat dela eta. Asteazkenean hedatutako irudiak turista batek filmatu zituen.
Bideo horretan, Obama pisuak hautatzen eta muskulazio ariketak egiten ikus daiteke, eta ordu gutxitan milaka pertsonak ikusi dute. Mota guztietako iruzkinak sortu ditu, eta zenbait erabiltzaile arduratuta agertu dira presidentearen segurtasuna dela eta.
AEBko Zerbitzu Sekretuek ez diote garrantzirik eman nahi izan segurtasunaren kontuari. Ed Donovan bozeramailearen arabera, presidenteak ez zuen inolako arriskurik jasan, Varsoviako hoteleko erabiltzaile guztiek segurtasun kontrola pasatzen baitute sarreran.
Aurretik ere astindu du Obamak sarea. Duela aste batzuk, beste bideo batean agertu zen, Joe Biden presidenteordearekin batera, Etxe Zurian zehar korrika, herritarrak ariketa fisikoa egitearen garrantziaz ohartarazteko.