Mundua -
Erreskatea
New Yorketik Eskoziara igerian zihoan gizon bat erreskatatu dute
Eskoziako Osasun Mentalaren Elkarterako dirua biltzea zen 39 urteko gizonaren helburua.
Erredakzioa
Estatu Batuetako kostazainek gizonezko bat erreskatatu dute gaur, New Yorketik igerian Eskoziara iristeko ahaleginetan ari zela. Long Islandeko uretatik gertu aurkitu dute, ekaitz eta olatu gogorrek astinduta.
39 urte ditu Niall Iain McDonaldek, eta kostatik 50 itsas miliara zegoela, seinale bat bidali du laguntza eske, zaurituta zegoela jakinaraziz.
Agintariek azaldu dutenez, erreskatera bidalitako helikopteroetako bateko pilotuak lurrera itzuli behar izan du, ekaitz elektriko bat dela eta. Geroago, itsasontzi bat iritsi da McDonald zegoen lekura.
"Panpin bat bezala astinduta zegoen", azaldu du Kostako Guardiako itsasontziko James Provosto kapitainak. McDonald burutik odoletan zegoen, zauri baten ondorioz, eta "beldur handia" zuen, Provostoren hitzetan.
Ospitalera eraman dute osasun zerbitzuek. Haren balentriaren helburua, webgune batean azaldu duenez, Eskoziako Osasun Mentalaren Elkarterako dirua biltzea zen.