Mundua -

Mafia italiarra

Cosa Nostraren 95 kide atxilotu dituzte Palermon

Urte askoan Sizialiako hainbat enpresariri estortsioa egin zieten eta Resuttana eta San Lorentzo guneetako klanak desegin dituzte.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cosa Nostrako 95 kide atxilotu dituzte guztira Palermon, Sizilia irlaren hiriburuan, hainbat urtez bertako enpresariri estortsioa egitea egotzita.

Carabineriek, Poliziak eta Finantzen Guardiek parte hartu dute operazioan eta Resuttana eta San Lorentzo guneetako klanak desegin dituzte. Hainbat milioi euro konfiskatu dituzte, poliziak jakinarazi duenez.

Italiako hedabideen arabera, duela ehun urte izandako hilketa bat argitzea lortu dute ikerketa horrekin, Joe Petrosino poliziarena: 1909an hil zuten Palermon.

Elkarte mafiosoan biltzea eta estortsioa egotzi diete atxilotuei. Ikerketaren arabera, "Siziliako enpresa, zinegotzi eta jarduera komertzialei presio itogarria ezarri zieten, bertako ekonomia modu ilegalean baldintzatuz", azaldu dute agirian.

Hedabideen arabera, Girolamo Biondino dago atxilotuen artean, Toto Riina Cosa Nostraren buruzagietako baten gidari izandako baten anaia. Ikerketaren arabera, Biondinok elkarte mafiosoan biltzeagatik kondena bete berri du eta klan mafisioaren buruzagi izatera bueltatu zen, baina bizitza lasaia zuen, erretiratuta bizi baitzen.

1909ko hilketari dagokionean, Italiako hedabideek adierazi dute Mafiako kideetako bati egindako entzuketa batean azaldu zuela Paolo Palazzottok (bere aitaren osabak, hain zuzen ere) hil zuela Palermoko lehen polizia, Joe Petrosino, Cascio Ferroren agindua betez. Paolo Palazzott eta Cascio Ferro atxilotuak izan ziren Pretosinoren hilketaren ostean (New Yorketik bidali zuten AEBetako eta Italiako mafien arteko loturak ikertzeko eta heldu eta 12 egunera hil zuten), baina absolbitu zituzten beraien aurkako frogarik ez zutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea