Mundua -
Urteurrena
Lehen Mundu Gerra hasi zela 100 urte bete direla oroitu dute Sarajevon
Vienako Orkestra Filarmonikoaren kontzertua izango da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. Franz Ferdinand artxidukearen hilketak piztu zuen, duela ehun urte, Lehen Mundu Gerra.
Erredakzioa
Austria-Hungariako tronurako oinordekoa, Franz Ferdinand artxidukea hil zutela ehun urte bete dira gaur, eta Lehen Mundu Gerra eragin zuen hilketa gertatu zen leku berean, Sarajevon, oroitu dute gaur.
Europako hainbat herrialdetako gonbidatuak izan dira Bosnia-Herzegovinako hiriburuko ekitaldietan, besteak beste, Heinz Fischer Austriako presidentea eta Kroaziako, Mazedoniako eta Montenegroko estatuburuak.
Serbiako ordezkaririk ez da izan, ordea, Sarajevoko ekitaldian; Gavrilo Princip gazteak duela 100 urte egindako hilketa Visegrad hirian egindako ekimen paralelo batean oroitu dute.
1914ko ekainaren 28an, Princip serbiarrak Franz Ferdinand artxidukea eta haren emazte Sofia tirokatu zituen Sarajevon. Gerra hilabete geroago piztu zen, Vienak Serbiari gerra deklaratu baitzion, hilketaren atzean zegoelakoan.
Omenaldiaren barneko ekitaldirik garrantzitsuena Vienako Orkestra Filarmonikoaren kontzertua izango da, Sarajevoko udaletxe eta antzinako liburutegi eraberrituan. Huraxe izan zen Austria-Hungariako oinordekoek hil aurretik bisitatu zuten azken lekua.
Herrien arteko gerra ezin dela konponbidea izan eta Europan ezin dela horrelakorik errepikatu gogorarazi nahi du gaurko kontzertuak, atzo zuzendariak programaren aurkezpenean adierazi zuenez.
Bosniako himnoarekin hasi eta Europar Batasunekoarekin amaituko da kontzertua. EBk Bosnian duen ordezkaritzako buruak, Peter Sorensenek, "elkarrizketa, adiskidantza, bakea, elkar ulertzea eta elkarlana europarren elkarbizitzaren oinarriak" direla adierazi zien atzo bosniarrei.
"Franz Ferdinanden hilketaren ehungarren urteurrenak eta Lehen Mundu Gerra piztu zuten ekintzen segidak banaketen politikak dakartzan ondorio izugarrien inguruan pentsatzeko aukera eskaintzen dute", esan zuen.
"Urteurren honek zera erakusten digu, ez dagoela adiskidantzarako bide automatikorik. Aktiboki aurkitu behar den zerbait da, eta Europak bake eta egonkortasun iraunkorra mantentzea nahi badugu, horren alde egin behar dugu borroka", adierazi zuen Sorensenek.