Mundua -
Chennai hirian
Hildako eta zauritu ugari eraikin bat erorita, Indian
Gutxienez 11 pertsona hil dira, eta dozenaka zauritu; gainera, askok hondakinen artean irten ezinik jarraitzen dute. Erreskate taldeetako 200 kide erlojuaren kontra ari dira lanean.
Erredakzioa
Momentura arte hamaika pertsona hil eta 27 zauritu dira, eta hogei bat hondakin artean daude oraindik, irten ezinik, Chennai hirian, India hegoaldean, erakin bat erorita, zabaldu dituzten datu ofizialen arabera.
Erreskate lanetan, 200 bat kide ari dira, erlojuaren kontra, txakurrez eta ekipamendu bereziez lagunduta, bizirik jarraitzen dutenen bila, "oraindik bizirik dauden pertsonak topatzeko aukera" dagoelako, jakinarazi du S. Vijayasekar hiriko Suhiltzaile eta Erreskate Zerbitzuetako zuzendariaren ondokoak.
Larunbat arratsaldean, Mugalivakkam auzoan, Chennaitik gertu, eroritako hamaika solairuko eraikina bukatu gabe zegoen, eraikitzen ari ziren.
Erreskate lanek ez dute etenik erori zenetik. Bi egunez luzatuko dituzte lanak, "ez baita jakingo ezbeharraren benetako neurria azken harria kendu arte", Vijayasekarren esanetan.
Harrapatuta dauden gehienak langileak dira, gizonezkoak eta emakumezkoak, eta litekeena da haurrak ere egotea, Indian adin txikikoak gurasoek lan egiten dute eraikinetan bizi ohi direlako.
Larunbatean, Indian botatako euri zaparrada handiak gorabehera, "ez dirudi euriek eragin dutenik erortzea, baina itxaron egin beharko da benetan zer gertatu den argitu arte", esan du Vijayasekarrek.
Poliziak, momentuz, bost pertsona atxilotu ditu, arduragabekeriazko homizidioa egotzita. Atxilotuen artean, eraikinaren jabea, bere semea eta bi ingeniari daude.