Mundua -

6,9 graduko indarra

Lurrikara batek hiru hildako utzi ditu Guatemalan eta bi Mexikon

Epizentroa Tapachula Chiapas (Mexiko) mugako estatuan dagoen hiritik 16 kilometro hego-ekialdera izan du lurrikarak, eta Guatemala hiritik 200 kilometro mendebaldera.

Tuxtla Gutierrez hiriko plaza nagusia, Chiapas (Mexiko). Argazkia: EFE
Tuxtla Gutierrez hiriko plaza nagusia, Chiapas (Mexiko). Argazkia: EFE
Lurrikara batek Mexiko eta Guatemala arteko muga gogor astindu du

0:50

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez hiru pertsona hil dira Guatemalan eta beste bi Mexikon Ritcher eskalan 6,9 graduko indarra izan duen lurrikara baten ondorioz. Lurrikarak batez ere Mexikoko hegoaldea eta Guatemalako mendebaldea astindu ditu.

Epizentroa Tapachula Chiapas (Mexiko) mugako estatuan dagoen hiritik 16 kilometro hego-ekialdera izan du lurrikarak, eta Guatemala hiritik 200 kilometro mendebaldera, AEBetako Zerbitzu Geologikoak jakitera eman duenez.

Guatemalako San Marcos (hego-mendebaldea) departamentua astindu du lurrikarak. Agintarien arabera, San Marcoseko eraikuntza batzuek egiturazko kalteak dituzte eta behea jo dute.

Sergio Vasquez suhiltzaile boluntarioen bozeramaileak azaldu duenez, 50 etxebizitza hustu dituzte San Marcosen. "San Marcoseko eskualde osoa astindu du", adierazi du.

Chiapas

Bestalde, gutxienez bi lagun hil dira Chiapas estatuan. Luis Manuel Garcia Moreno Babes Zibileko zuzendariak baieztatu duenez, 43 urteko Jose Ruiz Molina Huixtlan hil da. Antza denez, etxeko habe bat gainean erori zaio eta berehala hil da.

Rosenberg Perez Jacob bigarren biktima Motozintlan hil da. Ibilgailua gidatzen ari zen harkaitzak gainera etorri zitzaizkionean, Babes Zibileko iturriek azaldu dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mexiko bideoak Guatemala azken ordukoa