Mundua -
Afganistango hauteskundeak
Ashraf Ghani, garaile Afganistango presidentetzarako hauteskundeetan
Hauteskunde Batzordeak adierazi du emaitzak ez direla behin betikoak eta uztailaren 22ra arte itxaron beharko dela.
Erredakzioa
Ashraf Ghani izan da Afganistango presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko garailea, lehen datuen arabera. Ekainaren 14an izan zen bozketa, eta baliteke Afganistanen historiako lehen trantsizio demokratikoa izatea.
Hauteskunde Batzorde Independenteak (CEI) adierazi du Ghanik botoen % 56,44 lortu dituela, eta Abdula Abdula Atzerri ministro ohiak, aldiz, % 43,56. Datuak oraindik aldatu egin daitezke, behin betiko emaitzak uztailaren 22an iragarriko baitituzte.
Oraindik ez da Abdularen erreakzio ofizialik iritsi. Talibanen aurka ibilitako borrokalari ohiak iruzur masiboa salatu zuen hauteskundeetan, eta baliorik gabeko botoak baztertu arte, emaitzarik ez emateko eskatu zuen.
"Behin behineko emaitzen iragarpenak ez du esan nahi Ghani izango dela garaile, kexak ikertu ostean, posible baita emaitza aldatzea", adierazi du Ahmad Yousuf Nuristani CEIko zuzendariak.
Nuristanik jakinarazi duenez, Abdularen taldearen eskaera bat jaso du CEIk, 7.000 hauteslekutako botoak berriro aztertzeko, iruzurra egon delakoan. Berriro zenbatuko balira, boto kopurua handia izanik, baliteke emaitza aldatzea.
"Gaur behin behineko emaitzak iragarri ditugu, eta orain kexa batzordeak kasu guztiak aztertuko ditu. Prozesua amaitu arte laguntza guztia eskaintzeko prest gaude", azaldu du.