Mundua -
AEB
Obamak 3.700 milioi eskatu ditu agiririk gabeko adingabeei laguntzeko
Haurrak sorosteko eta euren herrialdeetara itzultzeko erabiliko luke dirua Etxe Zuriak. Gainera, beste 615 milioi eskatu ditu basoetako suteei aurre egin ahal izateko.
Erredakzioa
Etxe Zuriak 3.700 milioi dolar (ia 2.720 milioi euro) eskatu dizkio gaur Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuari, Erdialdeko Amerikatik iristen diren identifikaziorik gabeko adingabeen sarrera kontrolatzeko, baliabide publikoetan eragina izaten ari baita.
Dirua larrialdiko gastu moduan eskatu du Obamak, eta haurrak sorosteko eta euren herrialdeetara itzultzen laguntzeko erabiliko luke dirua Etxe Zuriak.
Azken hilabeteetan AEBra masiboki sartu diren milaka 18 urtez azpikoak euren herrialdeetara ahalik eta azkarren itzuliko dituela hitz eman zuen Obamak. Haietatik asko txirotasunetik, talde kriminaletatik eta narkotrafikoaren inguruko indarkeriatik ihesi iristen dira Estatu Batuetara.
Ekimen horrekin, AEBn dituen aliatu latindarren babesa galtzeko arriskuan egongo litzateke Obama, immigrazioaren legeak zorrozteko baino, malgutzeko eskatzen baitiote.
Kongresuari eskaera politikoki onargarriagoa izateko, Etxe Zuriak larrialdiko beste 615 milioi eskatu ditu, udako basoetako suteei aurre egin ahal izateko, herrialdearen mendebaldeko estatuetan kalte handiak eragiten ari baitira.
Guztira, beraz, 4.315 milioi dolar eskatu ditu Obamak. Ziur asko, errepublikar askok ez dute dirua eskainiko beste arlo batzuetako aurrekontuak murriztu gabe.