Mundua -
Istilu larriak Brasilen
Lagun bat hil da Brasilgo selekzioak galdu ostean izandako istiluetan
Horrez gain, 20 bat pertsona atxilotu eta hainbat autobus erre dituzte, Alemaniako selekzioak Brasili emandako jipoiaren ondoren sortutako istiluetan.
Erredakzioa
Pertsona bat hil da bart Rio de Janeiron, Brasilgo selekzioak Alemaniaren aurka jokatutako Munduko Futbol Txapelketako finalerdietan jipoi umiliagarria jasan ostean izanda istiluetan.
Tiroketa bat izan da Polizia Militarraren eta autobus bati su eman dioten bi lagunen artean, eta azken horietako bat hil egin da.
Horrez gain, Sao Paulon garaje batean aparkatuta zeuden 20 autobusi su eman diete eta horietako 19 erabat kiskalita geratu dira.
Hirigunean ere beste hiru autobus erre dituzte, baina ez da zauriturik izan eta garraio-zerbitzua bere horretan mantendu ahal izan dutela jakinarazi dute bertako agintariek.
Bestalde, Belo Horizonten ere istiluak izan dira eta 17 pertsona atxilotu dituzte.
Brasil-Alemania partidaren atsedenaldian, alemaniarrak 0-5 irabazten ari zirela, lagun batzuek Brasilgo bandera bati su eman diote eta iskanbila piztu da.
Azkenik, Recifen ere istiluak izan dira, FIFAk antolatutako Fan Fest gunean zeuden zaletuak presaz irteten hasi direnean. Nolanahi ere, egoerak ez du okerrera egin, O Globo egunkariak zabaldu duenez.