Mundua -
Espioitza
Alemaniak Berlingo CIAko ordezkaria kanporatu du
Angela Merkelek kideak espiatzea "energia galtzea" dela adierazi du, "egun arazo larriak egonda". AEBk Alemaniarekin lankidetzan jarraitu nahi duela esan du.
Erredakzioa
Alemaniako Gobernuak gaur jakinarazi du AEBetako Berlingo enbaxadako zerbitzu sekretuetako ordezkari nagusiari herrialdetik alde egiteko eskatu diola.
Steffen Seibert Kantzileriako bozeramaileak erabakiaren berri eman du adierazpen batean, azken astean Alemanian Estatu Batuen ustezko bi espioitza kasu atzeman ostean.
"Fiskal nagusiak daraman ikerketaren ondorioz egin da eskaera,; gainera, hilabeteak igaro dira AEBetako zerbitzu sekretuek Alemanian egindako ekintzen berri izan gabe", azaldu du bozeramaileak.
Seibertek gehitu du Angela Merkelen Gobernuak "oso serio" hartu duela gaia, nahiz eta "beharrezkotzat" jotzen duen Washingtonekin "lankidetza estua eta konfiantzazkoa" mantentzea, "hiritarren segurtasunaren eta atzerriko misioen interesagatik".
Horrelako harremana mantentzeko, "beharrezkoa da elkarren arteko konfiantza eta gardentasuna", adierazi du Seibertek. "Berlinek horixe espero du bere gertuko kideengandik".
Adierazpen hori baino lehen, Alemaniako Gobernuburuak zehaztu du ez zuela hartu beharreko neurrien inguruan "espekulatu" nahi, zenbait hedabidek CIAko burua herrialdetik bidaliko zutela adierazi ostean.
Merkelen ustez, hasteko, beharrezkoa da gertatutakoa "argi" izatea, eta horretarako erabakigarria izango da fiskaltzak egingo duen ikerketa.
Kideak espiatzea "energia galtzea" dela adierazi du kantzilerrak, "egun arazo larriak egonda", terrorismo jihadista, esaterako, eta "arreta oinarrizko gauzetan" jartzeko eskatu du.
AEBek elkarlana eskatu dute
Etxe Zuriak adierazi du "beharrezkoa" dela Alemaniak eta AEBek elkarlanean jarraitzea arlo guztietan, Alemaniako Gobernuak CIAko ordezkari nagusia AEBren Berlingo enbaxadatik kaleratu arren.
Caitlin Hayden Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak ez du CIAko buruaren kaleratzeaz mintzatu nahi izan. "Inteligentzia kontu bat" dela argudiatu du.