Mundua -
Istripua Errusian
Gutxienez 21 pertsona hil dira Moskuko metroko istripuan
161 pertsona zauritu dira. Larrialdi zerbitzuen arabera, argindarrak izandako etenaldi batek eragin du istripua. MOESK konpainia elektrikoak azaldu duenez, ostera, argindarrak ez du etenaldirik izan.
Erredakzioa
Moskuko metroko istripuan 21 pertsona hil eta 161 zauritu dira, Moskuko Udalak zabaldutako datuen arabera. Metroa da Errusiako hiriburuko garraiobide nagusia.
"Guztira, 161 lagun zauritu dira, horietako 129 ospitaleratu behar izan dituzte, 42 larri daude", esan du Oleg Salagai Osasun Ministerioko bozeramaileak Rossia-24 telebistan.
Ezbeharra hiriaren ekialdean jazo da, Slavianski Bulvar eta Park Pobedy geltokien artean.
Hogei bat anbulantzia heldu dira Slavianski Bulvar geltokira, alegia, istripua gertatu den lekutik gertuenen dagoen geltokira, eta 350 pertsona ebakuatu dituzte bertatik.
"Hogei pertsona inguru zeramatzan bagoi batek kalte handiak izan ditu", Poliziak esan duenez.
Istripuaren arrazoiak
Argindarrak izandako etenaldi batek eragin omen du istripua; seinaleen sistemak huts egin du eta, hortaz, trena berehala gelditu da, larrialdi zerbitzuen arabera.
MOESK konpainia elektrikoak azaldu duenez, ostera, argindarrak ez du etenaldirik izan.
"Sistema guztiek normal funtzionatu dute", azpimarratu du MOESKek agiri batean.
Agintariek autobus zerbitzu berezia abiarazi dute, gainerako geltokietako bidaiariak garraiatzeko.