Mundua -

Polemika

'Aluaren artista' japoniarra askatzeko eskatu dute

Megumi Igarashi ezaguna da Japonian emakumezkoen genitaletan oinarritutako eskulturak egiten dituelako, eta material lizuna zabaltzeagatik atxilotu zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20.000 bat pertsonak sinatu dute Interneten Megumi Igarashi, "aluaren artista", askatzearen aldeko idatzia. Igarashi larunbatean atxilotu zuten, material lizuna zabaltzea leporatuta.

Eskaria Tokioko poliziari zuzendu diote, eta Change.org webgunearen bitartez bideratu dute.

Igarashi (42 urte) Tokion bizi da, Rokudenashi (neska gaiztoa) ezizenaz da ezaguna, eta "aluaren artista" goitizena eman diote, emakumeen genitaletan oinarritutako pop-art eskulturak eta bestelako lanak egiten dituelako.

Artista larunbatean atxilotu zuten, material lizuna zabaltzea egotzita. Izan ere, argazki digital batzuk bidali zituen, bere alua 3D inpresora batean inprimatu ahal izateko.

Bestalde, Igarashik "crowdfunding" ekimena jarri zuen abian Interneten, alu itxurako kayak bat egiteko, eta 7.200 euro lortu ditu dagoeneko.

"Tabuei aurre egitea" eta Japoniako gizartean emakumearen sexualitatearen inguruan dagoen "diskriminazioaren kontra borroka egitea" da artistaren helburua.

Japoniako zigor kodeak debekatu egiten du material "lizunak" zabaltzea, baina ez du horren definizio zehatzik egiten.

Praktikan, ikus-entzunezkoetan gizakien genitalak agertzen direnean, pornografian, adibidez, zentsuratu egiten dituzte arazo legalik ez izateko.

Epaileak errudun jotzen badu, Igarashik bi urte arteko kartzela-zigorra eta 18.000 euroko isuna jaso dezake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Japonia bideoak