Mundua -
Heriotza zigorra
Injekzio hilgarria hartu eta bi ordura hil da preso bat Arizonan
Presoaren abokatuak exekuzioa geldiarazten saiatu dira, ordubetez hilzorian egon dela argudiatuta.
Erredakzioa
Joseph Wood, bi pertsona hiltzeagatik heriotza-zigorrera zigortutako Arizonako (AEB) presoa, gaur hil da, agintariek injekzio hilgarria eman eta bi ordura.
Presoaren abokatuak exekuzioa geldiarazten saiatu dira, beren bezeroa ordubetez hilzorian egon dela argudiatuta. Dena den, auzitegiak abokatuen eskariari erantzun baino lehen hil da presoa.
Arizonako agintariek nabarmendu dutenez, Wood presoa koma egoeran zegoen eta ez zuen minik jasan. "Zin dagizuet zurrunga egiten zuela", adierazi du Stephanie Grisham Arizonako fiskalaren bozeramaileak. "Lo zegoen, ez zuen arnasotsik ateratzen eta ez zuen arnasa hartzeko arazorik. Hori da egia", gaineratu du.
Bestalde, AEBko Eskubide Zibilen Batasunak ohar bidez salatu duenez, "Joseph Word presoak zigor krudela eta ezohikoa pairatu zuen, izan ere, injekzio hilgarria hartu eta denbora luzez kontzientzia galdu gabe egon da. Injekzio hilgarria erabiltzen duten estatuek esperimentu horrek huts egin duela onartu behar dute", adierazi du aipaturiko elkarteak. Halaber, botikek funtzionatzen dutela frogatu arte, exekuzioak gelditzeko eskatu dute.
Wooden abokatuek hainbat apelazio aurkeztu zituzten exekuzioa gelditzea eskatzeko, baina AEBko Auzitegi Gorenak atzera bota zituen.
Jan Brewer Arizonako gobernadoreak exekuzio prozesua berrikusteko eskatu du, Wooden heriotza gehiegi luzatu dela iritzita.
1989an gizon bat eta haren semea tiroz hiltzea egotzita ezarri zion heriotza-zigorra Woodi AEBko Justiziak.
Gaurko gertaerak heriotza-zigorraren inguruko eztabaida berpiztu du AEBn. Izan ere, apirilaren 29an Clayton Lockett heriotza-zigorrera kondenatutako presoa bihotzekoak jota hil zen, injekzio hilgarriarekin arazoak izan ostean. Presoari modu desegokian jarritako injekzioak dardarak eta arnas estua eragin zizkion.
Locketten exekuzioan sortu ziren arazoak tarteko, eztabaida handia piztu zen herrialdean, eta Barack Obama AEBko presidenteak heriotza-zigorra aplikatzeko erabiltzen diren metodoak aztertzeko eskatu zion Eric Holder Justizia idazkariari.