Mundua -

Argentina, hunkituta

Mayo Plazako Amonen fundatzaileak biloba topatu du, 36 urteren ostean

Estela de Carlottok (83 urte) bizitza erdia eman du diktadura militarrak bahitutako bilobaren bila.

Estela de Carlotto (erdian), biloba topatu duela iragartzen. EFE
Estela de Carlotto (erdian), biloba topatu duela iragartzen. EFE
36 urtez bila ibili ondoren, Estela de Carlottok biloba aurkitu du

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hogeita hamasei urteko borroka nekaezin eta eredugarriaren ostean, Estela de Carlottok, Mayo Plazako Amonen fundatzaileak, Argentinako diktadura militarrak bahitu zion biloba aurkitu du.

83 urtekoa da Estela, eta ia bizitzaren erdia eman du biloba bilatzen. Zeregin horretan, diktadura garaian desagertutakoen beste 113 seme-alaba aurkitzen lagundu du.

"Hil baino lehen besarkatu egin nahi nuen, eta aurki egin ahal izango dut", adierazi du Estelak, hunkituta, prentsaurrekoan.

Albisteak Argentinako gizartea hunkitu du. Herrialde horretan, urteko albiste garrantzitsuenetakoa da honakoa.

Cristina Fernandez Argentinako presidenteak ere zoriondu du Estela: "Cristinak deitu egin dit, negarrez. Biok batera egin dugu negar".

Giza eskubideen aldeko elkarteek, politikariek, kirolariek... denek zoriondu dute Estela, bai telebistan, bai sare sozialetan, giza eskubideen ikur baita. Bakearen Nobel saria jasotzeko hautagai ere izan da hainbatetan.

Estelaren biloba Guido izenarekin jaio zen 1978. urteko ekainaren 26an, eta gaur egun Ignacio Hurban du izena. Piano-jotzailea da, ezkonduta dago, eta nekazari batzuek hezi zuten Buenos Airesen.

Guido bera joan zen Identitate Eskubidearen Batzorde Nazionalera, bere identitatea faltsua dela susmatzen zuelako. Hain justu, Claudia Carlotto izekoa da erakunde horren zuzendaria.

"Mutil ona da, berak bilatu nau", txalotu du Estelak.

Duela bi urte, Ignacio Hurbanek ospatu egin zuen, Twitterren, 106. biloba identifikatu izana; bera 114. da.

DNA azterketek baieztatu egin dute Estela de Carlottoren biloba dela Ignacio Hurban.

Guidoren amak Laura zuen izena eta militante peronista zen. Diktadura militarrak 1977. urteko azaroan bahitu, eta La Cacha atxilotze zentro klandestinora eraman zuen. Une horretan, senideek ez zekiten haurdun zegoela. Aita nor izan litekeen ere ez zekiten, eta orain jakin ahal izan dute: Oscar Montoya, militante eta Lauraren borroka-kidea.

Militarrek hil egin zuten Laura Carlotto, eta egun horretan bertan entregatu zioten gorpua Estelari, baina ez umea. Harrezkero, amona bilobaren bila izan zen, eta Mayo Plazako Amonak elkartea sortu zuen, desagertutakoak topatzeko.

"Laura irribarretsu dago zeruan, eta ama, bataila luzea irabazi duzu esan dit. Dagoeneko nirekin daude 14 bilobak", ospatu du Estelak, pozik.

30.000 pertsona inguru desagerrarazi zituen Argentinako diktadura militarrak, giza eskubideen elkarteen arabera. Gainera, 500 ume, biktimen seme-alabak gehienak, ostu eta beste familia batzuei eman zizkieten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea