Mundua -
Ezbeharra
40 lagun hil dira hegazkin-istripuan, Teheranen
Meharabad aireportuan aireratu eta berehala erori da hegazkina. 40 lagun istripuaren lekuan bertan hil dira, eta beste zortzi lagun zauritu.
Erredakzioa
40 bidaiari eta 8 tripulatzaile zeramatzan hegazkin batek istripua izan du, gaur goizean, Teheran hegoaldeko Meharabad aireportuan. Aireratu eta berehala, erori egin da.
40 pertsona istripuaren tokian bertan hil dira eta zortzi lagunek bizirik ateratzea lortu dute, ISNA albiste-agentzia irandarrak jakitera eman duenez. Taban Airlines konpainiaren hegazkin batek izan du ezbeharra, Azadi estadioaren inguruan.
Hegazkina Antonov-140 modelokoa izan da, Iranen bertan eginikoa, eta 09:18an izan du ezbeharra. Hegazkina erori den lekuan, antza, ez dago eraikinik eta ez da inor bizi. Iturriek azaldu dutenez, hegazkinean bidaiatzen zihoazen 48 pertsonetatik, 38 momentuan bertan hil dira, eta beste hamarrek zauriak izan dituzte. Handik gutxira hil dira beste bi lagun, tokian bertan.
Zazpi ume, hildakoen artean
Bizirik irautea lortu duten zortzi pertsonetatik –lau gizon eta lau emakume- bost familia bereko kideak dira, ume bat barne.
Orain arte zabaldutako datuen arabera, hildakoen artean zazpi haur daude. Hosein Derajshhan Ilargi Gorria elkartearen bozeramaileak baieztatu du istripua, eta ezbeharra zergatik gertatu den argitzeke dagoela esan du. Ikerketa-talde bat bidali du Teherango Gobernuak istripuaren lekura.