Mundua -

Krisia Iraken

Gobernua osatzeko ardura Haider Al Abadiren esku utzi du Masumek

Al Malikiren hitzetan, Al Abadiren hautaketa "konponduko duen akatsa" da. Obamak, ostera, Gobernu ireki eta sendo bat osatzeko "pauso prometagarria" dela uste du.

Haider al Abadiri gobernu zabala osatzeko eskatu diote

1:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu berria osatzeko ardura Haidar al Abadi xiitaren, Zuzenbide Estatua koalizioko buruzagiaren, esku utzi du Fuad Masum Irakeko presidenteak.

Nuri al Maliki ordezkatzeko zeregina eman dio Masumek Al Abadiri ekitaldi batean, Salim al Yaburi Parlamentuko presidentearen aurrean, Irakeko telebistek jakitera eman dutenez.

Ibrahim al Yaafari Aliantza Nazionaleko buruzagia ekitaldian izan da. Yaafarik Al Abadi kargurako proposatu zuen.

Al Malikiren hitzetan, Al Abadiren hautaketa "konponduko duen akatsa" da. Konstituzioaren "urraketa larria" dela gaineratu du.

Apirilean hauteskundeak egin zituztenetik, Irak Gobernu berria osatzeko zain dago eta Al Maliki behin-behinean karguan dago.

Al Abadi Londresen erbesteratu zen 2003ra arte, Sadam Husein boteretik kendu zuten arte. Ondoren herrialdera itzuli zen.

Obama

Al Abadiren hautaketa "pauso prometagarria" dela esan du Barack Obama AEBetako presidenteak. Estatu Islamiarrari aurre egiteko Gobernu sendo eta ireki bat osatzea beharrezkoa uste du Obamak.

Iragan astean hasitako aire erasoaldia arrakastatsua izan dela adierazi du AEBetako presidenteak. Gainera, Etxe Zuria kurduei ematen ari zaion laguntza militarra areagotu dela onartu du buruzagiak.

Bestalde, Estatu Islamiarraren aurka borroka egiteko Peshmerga milizia kurduari armak zuzenean ematen hasi da Washington, Amerikako Estatu Batuetako komunikabideek gaur jakitera eman dutenez.

Errefuxiatu katolikoak

Louis Raphael Sako I. monsinoreak, Irakeko Gotzainen Biltzarreko presidenteak, agiri batean ohartarazi duenez, Estatu Islamiarrak "aurrera" egiten jarraitzen du eta orain arteko "laguntza humanitarioa eskasa da".

Era berean, 200.000 errefuxiatuei laguntzeko "nazioartearen koordinazio falta" dagoela kritikatu du. Ankawan, Erbileko (Irakeko Kurdistanaren hiriburua) kanpoaldean, 70.000 kristau errefuxiatu daudela azaldu du Sakok.

Hirugarren agintaldia

Irakeko Auzitegi Federalak Nuri al Maliki jarduneko lehen ministroaren Zuzenbide Estatua koalizioa Irakeko Parlamentuko bloke handiena dela ebatzi du gaur. Erabaki horrek Al Malikiren hirugarren agintaldiari lagunduko lioke, Irakeko presidenteak lehen ministroari Gobernua osatzeko eskatu beharko baitio.

Al Iraquiya telebista kateak iragarri du ebazpena, baina ez du horren inguruko xehetasunik eman. Ordu batzuk lehenago, Al Malikik hitzaldi gogorra egin du, eta Fuad Masum presidentea auzitara eramateko asmoa duela ohartarazi du, Masumi Konstituzioa urratzea egotzita.

Parlamentuko talde handienari Gobernua osatzeko epea nahita agortzea leporatu dio Al Malikik Masumi. Izan ere, Gobernua osatzea berari dagokiola azpimarratu du Al Malikik, nahiz eta Aliantza Nazionaleko kide batzuek kontrako iritzia izan.

Al Malikiren aurka agertu diren buruzagi xiiten artean, Muqtada al-Sadr dago. Zuzenbide Estatua koalizioari beste hautagai bat izendatzeko eskatu zion uztailean.

Gaur, John Kerry AEBko Estatu idazkariak esan du "nahitaezkoa" dela Irakek Gobernu berria eratzea, egoera "egonkortzeko", eta "ur horiek ez nahasteko" eskatu dio Kerryk Al Malikiri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea