Mundua -
Irango olerkari ezagunenetakoa
Simin Behbahani, 'Irango lehoi emea', hil da
Idazleak bihotzeko eta arnasteko arazoak zituen, eta abuztuaren 6tik koman zegoen, Teherango ospitale batean.
Erredakzioa
Simin Behbahani, "Irango lehoi emea", Teherango ospitale batean zendu da gaur, 87 urte zituela, bere semeak tokiko albiste agentzia bati jakinarazi dionez. Irango okerkari hau Literatura Nobel saria jasotzeko hautagaia izan zen bitan: 1999an eta 2002an.
Idazleak bihotzeko eta arnasteko arazoak zituen, eta abuztuaren 6tik koman zegoen, Teherango Pars ospitalean. Bertan zendu da gaur goizaldean, ISNA agentziaren arabera.
Behbahanik etxean ikasi zuen literatura eta kazetaritza maitatzen. Hala, hamabi urte zituela ekin zion poesia idazteari, eta hamalau urte zituela argitaratu zuen bere lehenengo poema.
Ama Fakhr Ozma Arghon zuen; feminista nabarmena, irakaslea, idazlea, egunkari bateko editorea eta poeta. Aita, berriz, Abas Jalili; idazle ezagun eta egunkari bateko editorea.
Bere bizitzan zehar, seiehun poema baino gehiago argitaratu ditu, hemeretzi poesia liburutan bilduta; ipuin laburren bi bilduma; bere bigarren senarra (Manuchehr Koushiar) zenaren biografia; eta hainbat artikulu literario, saiakera eta elkarrizketa ere argitaratu ditu.
Horrez gain, hirurehun abesti baino gehiago konposatu ditu Irango abeslari garrantzitsuenetako batzuentzat.
Behbahani Irango adierazpen askatasunaren defendatzaileetako bat izan da. Hori dela eta, hainbat sari jaso ditu; Hellman/Hammett Giza Eskubideen Saria (1998), Carl Von Ossietzky Giza Eskubideen Saria (1999) eta Norvegiako Idazleen Batasuneko Adierazpen Askatasunaren Saria (2007), besteak beste.
Halaber, Stanford Unibertsitateko Bita Daryabari literatura saria (2008) eta Latifeh Yarshater Book Award (2004) jaso zituen.