Mundua -

Eskoziako Erreferenduma

Erreferendumerako izena emateko azken deia egin du Salmondek

18 egun falta dira erreferendumaren egunerako, eta bihar amaitzen da izena emateko epea.

Alex Salmond, Eskoziako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Alex Salmond, Eskoziako lehen ministroa. Argazkia: EFE
Alex Salmond, Eskoziako lehen ministroa. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskoziarrek independente izan nahi duten edo ez erabakitzeko 18 egun baino falta ez direnean, Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak botoa eman ahal izateko izena eman dezatela esan die eskoziarrei, "inor ez  dadin geratu botoa eman ezinda". 4,3 milioi eskoziar daude deituta irailaren 18ko erreferendumean botoa ematera. Horietatik, milioi bat inguruk,  oraindik, ez dute izenik eman bozka eman ahal izateko, eta bihar amaitzen da erregistratzeko epea.

Eskoziako Alderdi Nazionalistako buruak parte-hartzeko deia luzatu du, "Botoa eman nahi, baina oraindik izenik eman ez duten lagunik, seniderik edota gertukorik baduzue, gogoratu 24 ordu baino ez direla gelditzen horretarako: erreferendum historiko honek Eskoziarrei ekarriko dizkion abantaila aberatsei bide emateko aukera ezin da galtzen utzi", esan die eskoziarrei Salmondek.

Kanpainaren azken txanpa honetan, Dundeen du hitzordua gaur lehen ministroak. Independentziaren aldeko bi futbol talde bisitatuko ditu. "Independentziak onurak baino ez dizkio ekarriko Eskoziari. Enpleguari edota osasun zerbitzu publikoari buruzko erabakiak gu geuk hartu ahal izango ditugu, bestek beste", berretsi du.

16 urtetik gorako eskoziarrek irailaren 18ko erreferendumean ondorengo galderari "bai" edo "ez" erantzun ahal izango diote: "Eskoziak herrialde independentea izan beharko luke?"

Aldekoak zein kontrakoak buru-belarri ari dira, batean eta bestean, bakoitza bere mezuak zabaltzen. Alistair Darling lehen ministro ohi laboristak, independentziaren kontrakoak, Greenock bisitatuko du gaur: Erresuma Batuarengandik banatzeak, bere iritzian, izango dituen ondorio kaltegarrien berri emango die bertako biztanleei.

Inkesta dantza handia dabil egunotan Eskozian. Daily Mail egunkariak publikatu berri duen inkestaren arabera, independentziaren alde emango lukete botoa eskoziarren % 41,6k eta aurka % 47,6k. Salmondek % 80ko parte-hartzea espero du galdeketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea