Mundua -
Eskoziako Erreferenduma
'Bi aldeek onartuko dute galdeketaren emaitza, edozein dela ere'
Alderdi Laboristako eskoziarren buru izan zen, baina, egun, independentziari "bai" esatearen aldekoa da. Demokraziaren ikuspegitik, galdeketa eredugarria izan dela uste du Bob Thomsonek.
I. Herce | EITB.EUS
Eskoziako Alderdi Laboristaren buru izan zen Bob Thomson. Egun, ordea, Labour for Independence (Laboristak Independentziaren alde) elkartearekin bat egin du eta erreferendumean independentziari baiezkoa ematearen aldekoa da.
Estatu berri batek "gure erabakiak hartzeko aukera emango digu, gure aberastasuna ontzea eta Eskozia justuagoa, berdintasunezkoagoa eta oparoagoa sortzea ahalbidetuko du".
Alde guztiek galdeketaren emaitza ontzat emango dute "zalantza izpirik gabe", baita aldea txikia bada ere, "prozesu guztia demokratikoki eredugarria izan delako", horren iritzian. "Erresuma Batuko ohitura politikoak dio gehiengoa gehiengoa dela, aldea oso estua bada ere", Thomsonen esanetan.
Cameronen kabineteak erreferendumaren emaitza onartuko ez balu, "leku oso txarrean" utziko luke Londresko gobernua, eta arrazoia kenduko lieke Europar Batasunean egon ala ez galdeketa bidez erabaki nahiko luketenei. Horren ustez, edozein naziok izan beharko luke bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea, "autodeterminazio eskubidea giza eskubidea delako".
Eskoziaren ekonomiak badu etorkizuna Erresuma Batutik kanpo ere, "Financial Times egunkariak berak jaso duenez, munduko 20 herrialde aberatsenetako bat den neurrian". Eta ez du zalantzarik liberatik kanpo geratuz gero, Eskoziak Erresuma Batuko zorra ez lukeela bere gain hartu beharko: "Justifikatuta legoke erabakia". Europar Batasunetik kanpo geratzeko mehatxuak ez du sinesgarritasun askorik, Thomsonen aburuz, "Erresuma Batuari ez zaiolako interesatzen bere atarian Batasunetik kanpoko merkatu garrantzitsu bat izatea".
Laboristen Eskoziako burua izandakoak, ordea, ez du uste gizartean inongo hausturarik egongo denik. Baina herritarrak alde bateko zein besteko muturretara hurbil litezkeela uste du, eta horrek "muturreko aldaketak" eskatzeko nahia areagotu lezake. Halere, Londresek eskoziarren autogobernua sakontzearen aldeko konpromisoa hartuko balu, horrek etorkizun hurbilera begira bereizteko sentimendua baretu lezake, Thompsonen iritzian.