Mundua -

Heriotza

Ian Paisley hil da, Ipar Irlandako buruzagi unionista ohia

Apaiz protestantea Ipar Irlandako ministro nagusi izan zen, eta Alderdi Demokratiko Unionistako fundatzailea. Bake prozesuaren protagonistetako bat izan zen.

Ian Paisley. Argazkia: Guardian
Ian Paisley.
Ian Paisley Ipar Irlandako buruzagi ohia hil da, 88 urte zituela

1:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ian Paisley apaiz protestantea hil da, 88 urte zituela. Ipar Irlandako ministro nagusi izan zen, eta Alderdi Demokratiko Unionistaren (DUP) fundatzaile.

2008tik politika utzita zegoen buruzagi unionista, Ipar Irlandak Erresuma Batuan jarraitzearen alde zegoen politikaria. Azkenaldian osasun arazoak zituen eta 2012an bihotzekoa izan zuen.

Eileen Paisley apaizaren emazteak prentsa-ohar batean jakitera eman duenez, familiari "bihotza apurtu" zaio Ipar Irlandaren eta bertako bake prozesuan giltzarri izan den politikariaren heriotzarekin.

"Nire senar maiteak, Ianek, betiko hartu du atseden gaur goizean. Gure esperantza nagusia berriro elkartzea bada ere, familia gisa apurtua dugu bihotza. Asko maite genuen, berak gu ere bai, eta gure bizitza lurtarra betiko amaitu da", adierazi du alargunak.

Ipar Irlandako gatazkan errepublikanoen etsai handiena izan zenak, gogor jo zuen Ostiral Santuko bake akordioaren (1998) kontra eta, bere alderdia protestanteen artean nagusitu zenean, edukia berriro negoziarazi zuen.

Irlandako Armada Errepublikanoak (IRA) 2005ean armak utzi zituenean, berriz, Paisley eta Martin McGuinness errepublikanoen burua gobernukide izan ziren, 2007tik 2008ra.

Askoren harridurarako, garai horretan adeitasuna nagusitu zen bi etsai ohien artean, eta horrek unionista askoren haserrea eragin zuen.

McGuinnessek atsekabea agertu du gaur, "lagun bat" joan delako. "Urte askoan etsai politikoak izan ginen eta oso iritzi kontrajarriak genituen gai askoren inguruan, baina puntu garrantzitsu batean ados geunden: gure herritarrak edozein gobernu britainiar baino hobeto gobernatzeko gai dira".

Buruzagi errepublikanoak, IRAren komandante ohiak, Paisleyk azken urteotan "adostasuna lortzeko" egindako lana azpimarratu du, "unionistak gidatu" zituelako "errepublikanoak eta nazionalistak" elkar uler zitezen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea