Mundua -
Europar Batasuna
Inbertsio planaren prestaketak azkartzeko eskatu du Ecofinek
Europako Batzordeko presidenteak 300.000 euroko inbertsio plana hitzeman zuen. Bestalde, Luis de Guindosek Europar Batasunaren politika ekonomikoaz autokritika egiteko eskatu du.
Erredakzioa
Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak Europako ekonomiaren geldialdia gainditzeko 300.000 euroko inbertsio plana hitzeman zuen inbestidura egunean, eta gaur Ecofinek, Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroen Kontseiluak, inbertsio plan horren prestakuntza azkartzeko eskatu dio Jean-Claude Junckerri.
"Hartu daitezkeen neurrien gaineko txostenak berehala prestatzeko eskatu diegu Europako Batzordeari eta Inbertsio Bankuari", azaldu du Pier Carlo Padoan Italiako Finantza ministroak Ecofinen bileraren amaieran.
Epeak betetzen badira, lehenengo zirriborroa Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantza ministroek urria erdialdean Luxenburgon egingo duten bilerarako egon liteke prest, Padoanen arabera. Europako Batzorde berria ez da ofizialki lanean hasiko azaroaren 1a arte.
"Inbertsio publikoa eta pribatua asko jaitsi dira Europako herrialdeetan azken urteotan, eta hori, hein handi batean, hazkunde txikiaren eragilea eta ondorioa da. Hazkundea izateko, inbertsioak igotzea da gakoa, pribatuak batez ere, baina baita publikoak ere, jarduera pribatua aktibatzeko eta katalizatze moduan jardun dezaten", gaineratu du Padoanek.
Bestalde, Jyrki Katainen Ekonomia Gaietarako Europako komisarioak adierazi duenez, Europako Batzorde berria dagoeneko egitasmoa prestatzeko lanetan ari da. Dena den, egitasmo horrez gain, herrialdeek nazio eta herri mailan neurri osagarriak hartu beharko dituztela aldarrikatu du, "Europar Batasunaren aurrekontua mugatua” delako. Bere iritziz, inbertsio pribatua areagotzea izan behar da lehentasuna, izan ere, "diru gehiago dago sektore pribatuan publikoan baino".
De Guindosek Europar Batasunaren politika ekonomikoaz autokritika egiteko eskatu du
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak Europar Batasunaren politika ekonomikoaz autokritika egiteko eskatu du, ekonomiaren hazkundea "oso txikia" dela argudiatuta. Ildo horretatik, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak iragarritako inbertsio plana abian jartzeko eta egiturazko erreformak azkartzeko eskatu du.
"Autokritika egitea beti da ona", adierazi du De Guindosek. "Europan, eurogunean, hazkunde ekonomikoa oso txikia da, eta zer pentsa eman behar digu. Horrek ez du esan nahi estrategia osoa okerra izan denik. Baina hobetu egin behar dugu eta hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzeko estrategiaren oinarriak finkatu behar ditugu", gaineratu du.