Mundua -

Erreferenduma

'Scotland on the wire'

Independentziari buruzko erreferendumaren astean, batek espero du Edinburgo independentziaren aldeko eta kontrako kartelez eta paperez josita aurkitzea. Ez da horrela.

Funanbulista Edinburgon. Argazkia: Juan Carlos Etxeberria
Funanbulista Edinburgon.
Funanbulista Edinburgon. Argazkia: Juan Carlos Etxeberria

Juan Carlos Etxeberria | Edinburgo

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Independentziari buruzko erreferendumaren astean, batek espero du Edinburgo independentziaren aldeko eta aurkako kartelez eta paperez josita aurkitzea. Ez da horrela. Izan ere, Edinburgoko gaztelutik Eskoziako Parlamentura Royal Mile xarmangarri harriztatutako kaletik goazela, begirik kendu gabe ibili behar da mezu politikoak aurkitzeko. Baina egon badaude. Gazteluko maldan bi gaita-jotzaile ari dira. Bata pegatina urdin batekin: "YES". Besteak ez du pegatinarik erakusten.

Baina dirudienez independentziaren aldekoak euren leloak erakusteko apur bat erosoago sentitzen dira. Ordu erdiz oinez, dozena bat txapa urdin ikusi ditugu jendearen soinetan jarrita. Ez dira asko, baina "NO" baino gehiago bai behintzat. Baina Legebiltzarrera iristean Erresuma Batuko batasunaren aldeko kartel handi bat daraman kamioi bat topatu dugu. Haren aldamenean, boluntario talde bat, Erresumaren batasunaren onurak goraipatzen. Oso jende gutxi gelditu da.

200 metro aurrerago askoz mugimendu gehiago sumatzen da. Bertan, Enric Miralles arkitekto katalanak diseinaturiko Parlamentuko eraikin berriaren aurrean, nazioarteko komunikabideetako teknikariak programa bereziak prestatzeko lanak bukatzen ari dira.

Gaur, oraindik ere, gauzak lasai daude. Akreditazioaren bila joanda, ez dago modurik bertako funtzionarioei gure abizenak ulertarazteko. Azkenik, EITBko txartela erakutsiz moldatu gara. Parlamentuko protokolo buruak akreditazioak pertsonalki eman dizkigu. Ostiralean, emaitza ezagutzen denean, ziurrenik gosalorduan, hau beste istorio bat izango da. Zenbaketa gunean soilik 500 kazetari baino gehiago akreditatu dira. "Tematienak japoniarrak dira", esan digu gure anfitrioiak. "Alex Salmondekin elkarrizketa eskatzen dute behin eta berriz. Orain ezinezkoa dela esaten diegu...eta berriro deitzen dute".

Royal Miletik gora berriro ere. Etxe partikular baten erakusleihoetan "YOU YES YET?" (Zuk oraindik baietz?) irakurri dugu. Mezulariak zein erantzun espero duen agerian uzten du kartelaren kolore gorriak.

Eta, bukatzeko, irudi bat. Bi kale jendetsuren artean, kaleko artista bat, funanbulista bat, soka baten gainean, bi metroko altueran, biolina jotzen. Bere musika tresnaren bi aldeetan "YES" pegatina urdina jarri du. Sare eta euskarririk gabe ari da. Erortzen bada, min handia hartuko du, baina turista eta kuriosoen aurrean irribarretsu ageri da. Eskozia bezala, munduaren aurrean, Historiarekin duen hitzordua heldu baino lau egun lehenago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea