Mundua -

Erreferenduma

'Ni ez naiz eskoziarra'

Oso gogorra izan behar munduko beste leku batzuetan pertsonak arrazoi honengatik hil egin direla eta hil egin dituztela pentsatzea. Gaur oso gogorra izan behar du eskoziarra izateak.

Juan Carlos Etxeberria | Edinburgo

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oso gogorra izan behar du goizean esnatzea eta zure etorkizun politikoa eta zure seme-alabena erabaki behar duzula pentsatzea. Eta, ziurrenik, baita zure seme-alaben seme-alabena. Oso gogorra izan behar du aurreko belaunaldiek borrokatu zutena, alferrik kasu askotan, orain zure esku dagoela jakitea. Oso gogorra izan behar du munduko beste leku batzuetan pertsonak arrazoi honengatik hil egin direla eta hil egin dituztela pentsatzea. Gaur oso gogorra izan behar du eskoziarra izatea. Ez dio axola zer bozkatuko duzun. Erantzukizuna berbera da.

Ni eskoziarra ez naizenez, eta Edinburgora iritsi berri nagoenez, ez naiz ausartzen, inondik ere, eskoziarrek zer nahi duten esatera. Gainera, ordu gutxi barru eurek esango dute. Hori da jendeari hitza ematearen abantailetako bat: espekulazioak bertan behera utz daitezkeela.

Hauteslekuak zabalik daude dagoeneko. Eta baita ikastetxeak, enpresak eta abar, gaur hemen lanegun arrunta delako. Arrunta? Jendea lanean ari da, benetan? Nik egun osoa Twitterretik zintzilik emango nuke... baina esan dizuet ez naizela eskoziarra.

Iluntzeko hamarretan (Euskadiko 23:00etan) itxiko dira hauteslekuak. Ez dituzte boto-paperak bertan zenbatuko. Boto-kutxak hartu, Eskozian zehar banatutako 32 hauteskunde-guneetara eramango dituzte eta orduan hasiko dira boto-paperak irekitzen. Ez zait oso praktikoa iruditzen… baina esan dizuet ez naizela eskoziarra.

Erreferendumaren inguruko informazio ofizialean ohartarazten digute "eguraldiak garraio baldintzak nola eragiten araberakoa izango dela kontaketa, batez ere, ferryek iparraldeko uharteetatik atera behar dutelako boto-kutxak biltzeko". Uf! Dagoeneko nere burua ikusten dut ordu txikietan Weather Channel konsultatzen!

Lehendabizi zenbat boto izan diren zenbatuko dute. Parte-hartzearen datua (oso garrantzitsua) gauean zehar plazaratuko dute. Holyrooderako hauteskundeetan % 54ekoa izan ohi da, Westminsterrerako orokorretan % 65ekoa eta gaur % 80tik gorakoa izatea espero da. A ze marka!

Gauean zehar, 32 hauteskunde barrutietako datuak ezagutuko dira, baina emaitza bakoitza Edinburgoko Central Officen ontzat eman behar dute eta behin betiko emaitza bertan aldarrikatuko dute. Eta hori, jakinarazi digutenez, ez dute bihar arte egingo.

-Aizu! Benetan ez duzue bihar arte emaitzarik emango?

-That´s right!

-Eta, zer ordutan emango duzue?

-At breakfast time.

Eta hementxe gabiltza kazetariok; Eskozian, batez beste, zein ordutan gosaltzen den kalkulatzen... Ideiarik ez. Esan dizuedanez, ni ez naiz eskoziarra. Nahiko nuke… gaur eta bihar bakarrik, bada ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskoziako independentzia erreferenduma