Mundua -

Europar Batasuna

EBtik ateratzeak ez liokeela atsekaberik eragingo esan du Cameronek

Europar Batasunean aldaketak egitea beharrezkoa dela eta Erresuma Batuak horren baitan posizio berria izan behar duela azpimarratu du lehen ministro britainiarrak.

David Cameron lehen ministro britainiarra. Artxiboko irudia: EFE
David Cameron lehen ministro britainiarra. Artxiboko irudia: EFE
David Cameron lehen ministro britainiarra. Artxiboko irudia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak onartu du ez zaiola "bihotza erdibituko" etorkizunean Erresuma Batuak Europar Batasunetik ateratzea erabakitzen badu. Eskoziako independentziari buruzko erreferendumean baietza nagusitu izan balitz, berriz, Eskozia Erresuma Batutik banatzeak atsekabea eragingo ziola aitortu zuen bere garaian.

Dena den, Erresuma Batuarentzat onena Europar Batasunaren barruan jarraitzea dela uste du, baina erakundearekiko harremanak berriz negoziatu behar direla azpimarratu du. Are gehiago, Europar Batasunean aldaketak egitea beharrezkoa da eta Erresuma Batuak horren baitan beste toki bat izan behar du, Cameronen arabera.

2017an Europar Batasunean jarraitu ala ez erabakitzeko erreferenduma egin aurretik, Erresuma Batuak Europar Batasunarekin duen harremana negoziatzeko konpromisoa hartu du. Cameron presio gogorra jasaten ari da UKIP Europaren kontrako alderdiaren eta bere alderdiko zenbait kideren partetik Europar Batasunarekiko jarrera gogortzeko.

Eskozia noizbait independente izango balitz zer sentituko lukeen galdetuta, bestelako erantzuna izan du Erresuma Batuko lehen ministroak. "Erresuma Batuari Europar Batasunari baino lotuago nago", adierazi dio BBC irrati-kateari.

Erresuma Batuak Europar Batasunean jarraituko duen galdetuta, honatx bere erantzuna: "Zer da Erresuma Batuarentzat onena? Nola lor dezaket Erresuma Batuarentzat onena? Hori da gehien interesatzen zaidana".

Europar Batasunarekiko harremanak ez dira behar bezala funtzionatzen ari, Cameroren ustez. Dena den, nabarmendu du ez lukeela Europar Batasuna utziko, bere herrialdearen interes nazionalarengatik ez bada behintzat. "Hitz egin dezagun argi: kontua ez da guretzat ongi funtzionatzen ari. Diru bakarrak jendea alienatzeko balio izan duen aldaketa prozesu bat jarri du martxan", gaineratu du.

Azkenik, Erresuma Batuarentzat onena Bruselarekin duen harremana aldatzea baina haren baitan jarraitzea dela azpimarratu du: "Erresuma Batuarentzat onena Europar Batasun berri batean beste toki bat izatea dela uste dut".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
David Cameron bideoak