Mundua -

Hauteskundeak

Rousseff, Silva eta Neves: brasildarren hiru aukeragaiak

Inkesten arabera, Dilma Rousseff egungo presidenteak irabaziko du lehen itzulia, baina ez ditu botoen % 50 lortuko; beraz, bigarren itzulira jo beharko dute.

Hauteskundeak Brasilen. Argazkia: EFE
Hauteskundeak Brasilen. Argazkia: EFE
Dilma Rousseff, faboritoa Brasilgo hauteskundeetan

1:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brasilgo presidentea eta 27 gobernatzaile berriak aukeratzeko 142,8 milioi lagun deitu dituzte gaur hauteskundeetara. Dilma Rousseff egungo presidentea da faborito nagusia eta, inkesten arabera, botoen %40 inguru jasoko du.

Halere, aurreikuspenak betetzen badira eta Rousseffek ez badu botoen %50 jasotzen, bigarren itzulia izango da hilaren 26an. Orduan, eta beti inkesten arabera, Marina Silva ekologista edota Aécio Neves sozialdemokrata izango lituzke aurkari.

Rousseff, Silva eta Neves hautagaiez gain, beste zortzi hautagai daude, baina guztira ez dute botoen %2 baino gehiago jasoko. Hauteskundeen Auzitegi Gorenak jakinarazi du 532.000 hautesleku elektroniko inguru erabiliko dituztela prozesuan eta 450.000 eskolatan jarri dituztela, herrialdeko 5.570 udalerritan.

Gainera, 30.000 soldadu inguru izango dira lanean eta 400.000 poliziak bakea ziurtatuko dute. Gainera, Rio de Janeiro hirian segurtasun operazio berezi bat dago, izan ere, polizien eta droga trafikanteen arteko liskarrak izan ziren pasaden astean, fabeletan.

Hauteskunde Auzitegi Gorenaren arabera, 08:00etan (11:00 GMT) irekiko dituzte hauteslekuak eta 17:00ak (20:00 GMT) arte izango dira irekita. Agintarien arabera, igande gauerako botoen %95 zenbatuko dute eta astelehen goizean jakinaraziko dituzte behin-betiko datuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea