Mundua -
Hauteskundeak Brasilen
Neves sozialdemokrata lehiatuko da Rousseffekin bigarren itzulian
Marina Silva ekologista lehiatik kanpo geratu da, Brasilgo hurrengo presidentea izateko faborito bazen ere.
Erredakzioa
Aecio Neves sozialdemokrata lehiatuko da Dilma Rousseff Brasilgo presidentearekin herrialde horretako hauteskunde orokorretako bigarren itzulian. Marina Silva ekologista zen faborito, baina azkenean bigarren itzulitik kanpo geratu da, hiru hautagai horien artean boto gutxien jaso dituena izan baita.
Lehen itzulian, Rousseffek botoen % 41,39 eskuratu ditu; Nevesek, % 33,78, eta Silvak, % 21,26. Inork ez duenez % 50eko muga gainditu, bi hautagai bozkatuenak bigarren itzulian lehiatuko dira.
Duela bi aste, Marina Silva faborito zen Brasilgo hurrengo presidentea izateko. Neves atzean izan da beti inkestetan, eta ezustean lortu du bigarren itzulian lehiatzeko aukera.
Bigarren itzulira begira, Neves Silvaren boto-emaileak erakartzen saiatuko da. Hori horrela, "indarrak batzeko" deia egin du, eta "ekarpenak" egin ditzaketen guztiak "ongietorriak" izango direla aurreratu du.
Rousseffek "borroka" egiten jarraitzeko deia egin die jarraitzaileei, eta "garaipena" lortuko dutela nabarmendu du. "Hau brasildarren borroka da, eta herria, batuta badago, ez da inoiz galtzaile izango", ohartarazi du.