Mundua -
Hauteskundeak
Evo Morales, Boliviako presidente berriz
Agintariak lehen itzulian lortu du hauteskundeetako garaipena, botoen % 60,5 eskuratuta.
Erredakzioa
Evo Morales Boliviako presidenteak irabazi ditu herrialde horretako hauteskunde orokorrak, eta, horrenbestez, hirugarren agintaldi bat izango du.
Hain zuzen ere, lehen itzulian lortu du garaipena, botoen % 60,5 bereganatuta, enpresa pribatu batek hauteslekuetan egindako inkestaren arabera.
Datu horien arabera, Samuel Doria Medina oposizioko buruak botoen % 25 eskuratu ditu, La Razon egunkari boliviarrak jakinarazi duenez.
Emaitza ofizialak oraindik ezagutzen ez badira ere, Moralesek dagoeneko jo du garailetzat bere burua.
"Eskerrik asko! Boliviako herriaren garaipena izan da", adierazi du presidenteak jarraitzaileen aurrean egindako agerraldi batean. Gainera, garaipena "mundu osoan inperialismoaren aurka borroka egiten duten herriei" eskaini die.
Doria Medinak porrota aitortu du, eta "batasuna eraikitzen" jarraituko duela esan du.
Morales Boliviako lehen presidente indigena bihurtu zen 2006. urtean.