Mundua -
Tirabirak
Venezuelak berraztertu egingo ditu Espainiarekin dituen harremanak
Mariano Rajoy oposizioko liderraren emaztearekin bildu ostean iragarri du neurria Nicolas Madurok.
Erredakzioa
Nicolas Maduroren Gobernuak Espainiarekin dituen harremanak berraztertuko dituela ohartarazi du, Mariano Rajoy Leopoldo Lopez oposizioko liderraren emaztearekin bildu eta gero. Lopezi, otsailaren 12an hasitako ikasleen protestak sustatzea egotzi diote.
Izan ere, 2013ko uztailaren 4an Madurok Espainiarekin zituen harremanak berriz aztertzea eskatu zuen, Evo Morales Boliviako presidentearen hegazkinarekin polemika piztu eta gero. Iazko horretan, Madurok “zitala” izatea leporatu zion Rajoyri . “Espainiarekin ditugun harremanak ebaluatuko ditugu”, adierazi zuen.
Lilian Tintori Lopezen emaztea Espainian izan da orain dela gutxi, eta senarraren egoera salatu du, Venezuelako Gobernuak otsaila eta ekaina artean izandako protesten sustatzailea izatea egotzi baitio.
Tintori Rajoyrekin eta Alderdi Popularrarekin bildu da, eta kezka azaldu du senarrari egingo dioten epaiketa eta Venezuelan adierazpen askatasunak bizi duen egoera dela eta.