Mundua -

Parlamenturako hauteskundeak

Hauteskunde eguna dute Tunisian, Ukrainan eta Uruguain

Hiru herrialde horietan Parlamentua berrituko dute, eta Uruguain, gainera, presidentea aukeratuko dute.

Ukrainan Parlamentuko kideak aukeratu beharko dituzte. Argazkia: EFE
Ukrainan Parlamentuko kideak aukeratu beharko dituzte. Argazkia: EFE
Ukrainan Parlamentuko kideak aukeratu beharko dituzte. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan Parlamentua berritzeko hauteskundeak egingo dituzte Tunisian, Ukrainan eta Uruguain, eta Hego Amerikako herrialdean, gainera, Jose Mujica orain arteko presidentearen ordezkoa aukeratu beharko dute.

Tunisian, hauteskundeok erabakigarriak jotzen dira etorkizun demokratikorako eta herrialdearen egonkortasunerako. 5,2 milioi pertsona daude bozkatzera deituta, Batzar Nazionaleko 217 parlamentariak aukeratzeko. Azaroaren 23an presidenterako hauteskundeak egingo dituzte, eta, lehen aldiz, tunisiarrek modu zuzenean aukeratu ahal izango dute herrialdeko presidentea.

Ben Ali presidente ohiaren kontrako iraultzaz geroztik, haren erregimeneko zenbait goi kargudunek hauteskundeetan parte hartuko dute, alderdi laikoen zerrendetan. Alderdi horietako bat Nidaa Tounes da, Caid Essebsi Parlamentuko presidente ohia zerrendaburu duela. Essebsi bera da, gainera, Ennahda egungo presidente eta alderdi islamistako hautagaiaren aurkari nagusia.

Bi alderdi horiekin batera, Fronte Popularra koalizioa 2013an sortu zen, sozialistei eta islamisten aurre egiteko. Horrez gain, zenbait alderdi txikik ere parte hartuko dute, hala nola, Ettekatol eta CPRk.

Uruguaik Parlamentua eta presidentea aukeratuko ditu

Uruguain hauteskunde orokorrak dituzte igandean, eta, Jose Mujica egungo presidentearen ordezkoaz gain, Parlamentuko kideak aukeratu beharko dituzte. Inkesten arabera, hauteskundeen ondoren, Parlamentua nahiko zatituta geldituko da eta koalizioak osatu beharko dira.

Guztira, 2,6 milioi uruguaitar daude botoa ematera deituta. Igandean, presidentea, presidenteordea, Kongresua (99 diputatu eta 30 senatari) eta 19 hauteskunde batzordeetako kideak aukeratu beharko dituzte.

Presidente izateko Frente Amplio alderdiaren hautagaia Tabare Vazquez da, aurrez, 2005 eta 2010. urteen bitartean presidente izan zena. Inkesten arabera, botoen % 44 eta % 46 artean eskuratuko ditu. Horren atzetik, Partido Nacional (PN) alderdiko Luis Lacalle Pou legoke, agintari ohien semea eta birbiloba.

Gauzak honela, litekeena da Vazquezen eta Lacalle Pouren arteko borroka izatea. Inork botoen % 50 lortzen ez baditu, bigarren itzulia azaroaren 30ean izango da.

Presidentetzarako lehia estua aurreikusten da, eta baita Parlamenturako ere. FA, PN eta PC alderdi tradizionalek alderdi txikiagoen mehatxua sentitzen dute.

Ukrainarrek 438 parlamentari aukeratu beharko dituzte

35 milioi ukrainarrek dute boto eskubidea igande honetan herrialdean egingo diren Parlamenturako hauteskundeetan. Guztira, Parlamentuko 450 eserlekuetatik 438 aukeratuko dituzte; izan ere, Krimeari dagozkionak hutsik geldituko dira. Gainera, litekeena da eserleku gehiago ere hutsik gelditzea, herrialdearen ekialdean boto emaileek izan ditzaketen arazoak tarteko.

Hauteskunde hauetan parte hartu duten alderdi nagusiak hauek dira: Poroxenkoren Blokea, Julia Tymoxenkoren Aberria alderdia, Oleh Liaxkoren Alderdi Erradikala, Arseni Jatseniuken Fronte Popularra, Sbovoda alderdi ultraeskuindarra, Alderdi Komunista eta Erregioen Alderdia.

Reuters albiste agentziaren arabera, Krimea Errusiara batuta eta Ukraina ekialdeko herritarrek bozkatzeko zailtasunak izango dituztenez, litekeena da Parlamentuko 424 eserleku soilik aukeratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea