Mundua -

Ustelkeria politikoa

Portugalgo Barne ministroak dimisioa eman du, ustelkeria kasua tarteko

Kasuan inolako errurik edo erantzukizunik ez duela azpimarratu du, baina erantzukizun politikoa bere gain hartu nahi izan duela.

Miguel Macedo Portugalgo lehen ministro ohia.
Miguel Macedo Portugalgo lehen ministro ohia.
Miguel Macedo Portugalgo lehen ministro ohia.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miguel Macedo Portugalgo Barne ministroak dimisioa eman du igande honetan. Aste honetan, atzerritarrei bisak ematen zizkien sarea desegin du Portugalgo Poliziak, eta kasuan inolako errurik edo erantzukizunik ez duela azpimarratu badu ere, erantzukizun politikoa bere gain hartu nahi izan duela adierazi du Barne ministro ohiak.

Aipaturiko sare horretan, ustez, Portugalgo administrazioko goi agintariak nahastuta daude.

Macedok galderarik gabeko prentsa agerraldi labur batean eman du dimisioaren berri, eta Estatuaren autoritatea, erakundeen sinesgarritasuna eta Gobernua babesteko uzten duela kargua azpimarratu du. Miguel Macedok legegintzaldi hasieran, 2011ko ekainean, hartu zuen kargua.

Bestalde, Poliziak irekitako ikerketa errespetatzen duela eta legea urratu dutenek erantzukizuna bere gain hartu beharko dutela azpimarratu du.

Ustelkeria kasu horrekin loturiko polizia operazioan 11 pertsona atxilotu zituzten ostegunean, sarearekin harremana dutelakoan, tartean hiru goi kargudun. Are gehiago, operazioaren baitan Barne Ministerioaren instalazioak miatu zituzten.

Ostiralean, dimisioa emateko asmoa zuela agertu zuen Miguel Macedok, baina Pedro Passos Coelho lehen ministroak eskatuta, asteburuan erabakia hausnartzea onartu zuen. Azkenean, ordea, lehen ministroak dimisioa onartu egin du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Portugal