Mundua -
Hauteskundeak Tunisian
Inkestek Essebsiri eman diote garaipena Tunisiako presidentzialetan
Hautagai laikoak botoen % 47,80 eskuratu ditu, inkesten arabera. Datu horiek baieztatuz gero, bigarren itzulia egin beharko dute.
Erredakzioa
Beyi Caid Essebsi hautagai laikoak irabazi ditu Tunisian igandean egin diren Presidentetzarako hauteskundeak, botoen % 47,80 eskuratuta, inkesten arabera.
3C agentzia pribatuak egindako inkestak Nida Tunis alderdiko Essebsi hautagai laikoari eman dio garaipena. Bigarren tokian, Moncef Marzuki egungo presidentea geratu da, botoen % 26,90 lortuta. Tunisian duela gutxi egindako hauteskundeetan ere Nida Tunis alderdia izan zen garaile.
Inkesten arabera, Fronte Popularreko Hama Hamami buruzagiak eskuratu du hirugarren tokia (% 10,20) eta Batasun Abertzale Askea alderdiko Eslim Riahik, berriz, boto-emaileen % 5,40ren babesa jaso du.
Estimazio horiek kontuan hartuz gero, Essebsik ez du botoen erdia eskuratu, eta, ondorioz, bigarren itzulia beharko da Essebsiren eta Marzukiren artean aukeratzeko.
Hauteskunde batzordeak hiru eguneko epea dauka Tunisiako hauteskundeetako behin betiko emaitzak aurkezteko.
Parte-hartzea % 60 ingurukoa izan da, eta hauteskunde-eguna normaltasun osoz joan da.