Mundua -
Krimen antolatua Mexikon
Burua mozturik duten hamaika gorpu topatu dituzte Guerreron
Gobernuak krimen antolatuari aurre egiteko lege bat onartuko duela iragarri du Peña Nietok. Udaltzaingoak ezabatzea proposatu du presidenteak, ustelkeriaz josita daudelako.
Erredakzioa
Chilapa de Alvarez eta Ayahualulco (Guerrero) lotzen dituen bidean burua mozturik duten hamaika gazteren gorpuak aurkitu dituzte gaur Mexikoko buruzagiek.
Guerreroko Fiskaltzaren iturriek baieztatu dutenez, gorpuak erre eta bide horretan abandonatu dituzte. Asteazkenean krimen antolatuko bi taldek borroka egin zuten bertan eta, antza denez, istiluen ostean gorpuak utzi zituzten.
Droga-trafikorako Los Rojos eta Los Ardillos bandek Guerreroko zona horren kontrola bereganatu nahi dute. Duela ia hilabete bat bi hobi komun topatu zituzten Chilapa de Alvarezen. 13 gorpu azaldu ziren bertan.
Duela bi hilabete 43 ikasle desagertu ziren Igualan. Ikasle horiek bilatzen beste gorpuzkiak topatu dituzte hobi komunetan.
Krimen antolatuaren aurkako borroka
Gobernuak krimen antolatuari aurre egiteko lege bat onartuko duela iragarri du Enrique Peña Nieto Mexikoko presidenteak. Udaltzaingoak ezabatzea proposatu du presidenteak, ustelkeriaz josita daudelako. Horrela, ustelkeriak tokiko politikan leku bat egitea eragotzi nahi du Exekutiboak.
Estatuko agintaritza federala indartzeko helburuarekin krimen antolatuaren aurkako legea astelehenean Kongresuari bidaliko diotela aurreratu du Peña Nietok.
Peña Nietok azaldu duenez, legeak udaltzaingoak ezabatuko ditu, krimen antolatuak egitura horietan sartzea erraz duelako.
Horrela, Estatuko Polizia bakar batean barneratuko dituzte. “1.800 udaltzaingo izatetik Estatuko 32 Polizia sendo izatera pasako gara; eraginkorragoak eta profesionalagoak”, adierazi du presidenteak.