Mundua -
Kolonbia
FARCek baieztatu du igande honetan askatuko dutela Alzate jenerala
Martxan da dagoeneko bahitutakoak etxera ekartzeko Protokolo Humanitario Berezia, Habanan diharduten negoziatzaileen agiri baten arabera.
Erredakzioa
Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek (FARC) baieztatu dute Ruben Dario Alzate jenerala eta harekin dauden beste bi bahituak igande honetan aske utziko dituztela, entrega egiteko protokoloa abiatu eta gero.
Izan ere, Habanan diharduten negoziatzaileen agiri baten arabera, martxan da dagoeneko Alzate Mora jeneral eta Armadako Aire Indarretako buruzagia, Jorge Rodriguez Contreras kaboa eta Gloria Urrego abokatua etxera ekartzeko Protokolo Humanitario Berezia.
Oharraren arabera, Ivan Rios Blokeak entregatuko dizkio Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeari, eta Kubako eta Norvegiako (2012tik Kolonbiako eta FARCeko ordezkariak Habanako elkarrizketetan) ordezkariei Alzate, Rodriguez eta Urrego.
“Espero dugu eguraldia lagun izatea, gaur Atratoko eremu handian Askatasunaren eta Bakearen bandera zuria haizearekin dantzan baita”, esan dute.
Atrato ibaia, Chocoko departamentuko ibai nagusia, zenbait talde armaturen liskarren lekuko izan da, Ozeano Barean bukatzen baita ibaia, eta armak eta droga sartzeko bidea izan ohi da.