Mundua -
Bake-prozesua
FARCek eta Kolonbiako Gobernuak berriz ekingo diete bake-negoziazioei
Kolonbiako Gobernuko ordezkariak gaur bertan joango dira Habanara, FARCekoekin bi eguneko bilera teknikoa egiteko.
Erredakzioa
Kolonbiako Gobernuko ordezkariak Habanara (Kuba) itzuliko dira gaur, FARCekin abiatutako bake-negoziazioei ekiteko berriz. Bake-prozesua bertan behera utzi zuen Juan Manuel Santos presidenteak, FARCek Ruben Dario Alzate jenerala bahitu zuelako, baina atzo askatu zuten, eta, ondorioz, berriz helduko diete elkarrizketei.
Gobernuaren eta FARCen ordezkariek bi eguneko bilera egingo dute Habanan. Dena dela, azken gertakizunak aztertzeko batzarra izango da. Hau da, ez dituzte bake-negoziazioak abiatuko oraingoz; elkarrizketa ofizialak hasteko hartu-eman teknikoak egingo dituzte.
Hain zuzen ere, biktimei buruzko negoziazioak egin behar dituzte une honetan. Hilaren 18an ziren hastekoak gai horri buruzko elkarrizketak, baina bezperan, 17an, utzi zituen Kolonbiako Gobernuak bertan behera, Alzate jeneralaren bahiketaren ondorioz.
Bake-prozesuari berriz heltzeko, militarra askatzea jarri zuen baldintza gisa Santos presidenteak.