Mundua -
New York
32 atxilotu New Yorken, Garner hil zuen polizia aske gelditu ondoren
Daniel Pantaleo New Yorkeko poliziak Eric Garner afroamerikarra hil zuen uztailaren 17an, eskuekin lepoa estutuz.
Erredakzioa
Gutxienez 32 pertsona atxilotu dituzte New Yorken, epaimahaiak Eric Garner afroamerikarra hil zuen Daniel Pantaleo polizia kargurik gabe libre uztea erabaki ondoren izandako istiluetan. Daniel Pantaleo poliziak Eric Garner gaztea lepoa tinkatuz hil arte ito zuen uztailaren 17an.
"Justiziarik gabe ez dago bakerik" oihukatu dute manifestariek New Yorken, CNN telebista kate estatubatuarrak berri eman duenez. Are gehiago, manifestariek arrazista izatea egotzi omen diote Poliziari.
Garnerren heriotzak herrialde osoaren arreta bereganatu zuen, bereziki, heriotzaren uneko bideo bat zabaldu zenean. Daniel Pantaleo poliziak Eric Garner gaztea atxilotu zuen, ustez, legez kanpoko tabakoa saltzeagatik. Garnerrek asma zuen eta, bideoan ikus eta entzun daitekeenez, arnasarik hartu ezin duela oihukatzen du, itota hil baino segundo batzuk lehenago.
Protesta ekitaldiak AEBetako beste hainbat hiritara zabaldu dira: Washignton, Philadelphia, Oakland edo Atlantan, esaterako. Manifestariek "Eskuak gora, ez egin tiro" edo "Ezin dut arnasarik hartu", hain zuzen ere, konortea galdu aurretik hori izan zen bere azken esaldia.
Lasaitasunerako deia egin dute agintariek
Bill de Blasio New Yorkeko alkateak epaimaihaiaren erabakiari "modu baketsuan" erantzuteko eskatu die hiritarrei. "New Yorkek herriak indarkeriarik gabeko protestatan beren iritzia adierazteko tradizioa dute, beraz, epaimahaiaren erabakiarekin ados ez daudenek beren iritzia modu baketsuan adieraztea espero dugu", adierazi du de Blasiok ohar batean.
De Blasiok azpimarratu duenez, epaimahaiaren erabakia prozesuaren parte bat baino ez da; izan ere, "New Yorkeko Poliziak barne ikerketa bat ireki du eta AEBko Fiskaltza Nagusia ere gaia ikertzen ari da".
Daniel Pantaleo poliziak barkamena eskatu dio Eric Garnerren familiari
Eric Garnerren heriotzagatik "oso gaizki" sentitzen dela ziurtatu du Daniel Pantaleo New Yorkeko poliziak. "Jendeari laguntzeko eta beren kabuz zaindu ezin direnei babesteko egin nintzen polizia. Inoiz ez zen nire asmoa izan inor zauritzea eta oso gaizki sentitzen naiz", adierazi du ohar batean. Bestalde, Garnerren familiak bere doluminak onartuko duenaren esperantza agertu du. "Nire familiak eta nik Garner eta haren familia gure otoitzetan gehitu ditugu", gaineratu du.
Hala ere, Garnerren alargunak poliziaren barkamena baztertu egin du, eta epaimahaiaren erabakia kritikatu du. Halaber, bere borroka ez dela amaitu eta erruduna zigortzen duten arte justizia eskatzen jarraituko duela ohartarazi du. "Norbaitek ordaindu behar du", azpimarratu du.